2012/04/20

Erakunde batek Interneteko plazan kokatzeko gomendioak

Erakunde publikoek aspaldian egin zuten Interneterako saltoa. Hedabide berria hedatzen zen heinean, gero eta erakunde gehiago agertu ziren plaza multimedian. Baina panorama asko aldatu da azken urteetan. 1.0 paisaiatik 2.0 errealitatera igaro gara, eta badirudi aurrean dugula 3.0 etorkizuna. Web guneetan elkarreragina lehenengo aldiz agertu zenetik, erabiltzaileen zein erakundeen aukerak biderkatu dira.

Interneten egotea jadanik ez da erakundearen burua saltzeko eta erakusteko modu lineal hutsa. Interneteko plaza, han egotea beharrezkoa egiteaz gain, aukera bihurtu da erakundeentzat. Erabiltzailearengandik, hiritarrarengandik, inoiz baino hurbilago egon ahal dira erakundeak. Erabiltzaileak (bezeroaren kontzeptutik urrun) erakundeari buruzko informazio guztia eskura dezake klik bakar batean. Are gehiago, erakundearekin harremanetan jarri daiteke edota erakundearen profil elektronikoak ahalbidetzen dituen aukerez baliatu daiteke: adibidez, medikuarekin hitzordua eskatzeko, ikastaro batean matrikula egiteko edo udalean beharrezkoa den eskaera orria betetzeko.

Hiru dira erakundeek mundu elektronikoan bideratzen dituzten komunikazio-jarduerak: e-informazioa, e-kudeaketa eta e-lankidetza izenez ezagutzen direnak. E-informazioa erakundaren inguruko informazioa web gunean eskaintzea eta albisteak, deialdiak eta oharrak plazaratzea da. E-kudeaketak, bestalde, erakundearen barne antolaketa, informazioa eta kudeaketa prozesu guztiak ondo eraman ahal izateko behar den baliabideekin zerikusia du. E-lankidetzak, azkenik, beste erakunde edo sailekin lankidetza posible egiteko sareak sortzean datza.

Komunikazio-jarduera hauek Interneten aurkitzen dute lekurik aproposena, baina, horretarako, erakundeek modu egokian egon behar dute plaza digitalean. Erakunde bakoitzaren helburu eta ezaugarrien arabera antolatu beharko dira Interneterako egokitzapenak, erakunde guztien funtzioak eta helburuak ez baitira berdinak, ezta bakoitzaren inguruko baldintzak eta aldagaiak ere. Horrela, bada, zer izan behar du argi erakunde batek Interneten egon nahi badu? Zer pausu eman behar du erakundeak Sarean ondo kokatzeko?

Hasteko, erakundeak argi izan behar du bere burua non kokatzen eta non kokatu nahi duen. Aldez aurretik jakin behar du zein izango den bere lana, baita zer helburu lortu nahi dituen ere. Izan ere, erakundearen filosofia, egitura eta helburuen arabera, erreminta ezberdinak erabiliko dira.

Horrez gain, erakundearen kontzientzia teknologikoa edo digitala ezagutu behar da. Alegia, jakin behar da noraino diren gai hango langileak teknologia berriak erabiltzeko. Proiektu berriari ekin baino lehen, erakundeak Interneten daukan presentzia ere ezagutzea komeni da. Izan ere, garrantzitsua da erabiltzaile potentzialen gaitasunak ere ezagutzea.

Zentzu honetan, langileen ahalbideak eta mugak identifikatu beharko dira, bakoitza egokitzapen prozesuan zer lan beteko duen zehazteko: erreminta digitalen alorrean liderrak izango direnak, laguntzaileak, adituak, erabiltzaile aktiboak, okasionalak... Oso komenigarria da, halaber, jakitea zein den erabiltzaileen profila, horien artean ere egongo baitira (kopuru handiagoan edo txikiagoan) adituak, erabiltzaile aktiboak, okasionalak eta abar. Jakina, langileei irakasteko prozesu honek denbora beharko du, lan egiteko moduak aldatzea eskatzen du eta, baina guztien betebeharrak zehazten badira, nabarmen eraztuko da egokitzapen prozesua. Horretarako, komeni da esperientziak biltzea eta partekatzea eta plataforma batean denen eskura jartzea

Lantokiaz gain, lehen apiatu dugun bezala, erabiltzailearen profila ere zehaztu behar da: nolakoa da gure publikoa? Zer dakigu haren inguruan? Lortu nahi diren emaitzak eta informazioa partekatzeko eta komunikatzeko moduak hasieratik zehaztuta eta antolatuta eduki behar dira. Horrela, zuzenago helduko da lortu nahi den helburura. Komunikazio molde hauek aurrera ateratzeko, kode berriak daude Interneten. Horiek adostu beharko dira, zein kode eta erreminta erabiliko den erabaki, aurretik aipatutako guztiaren arabera.

Alegia, mundu digitalera salto egokia egitea ez da lan makala. Normalean, gainera, denbora, diru eta pertsona gutxiegi eskaintzen zaio. Ez dago aldez aurretik planifikatutako molde magikorik. Ikusi dugunez, estrategia egokiena planifikatzeko orduan gakoa erakundea bera da: helburua, langileak eta ingurua ondo ezagutzea. Aldagai horiek behar bezala baliatuta, erakundeak hiritarrek beharrezkoa duten informazioa modu zuzenean zabalduko dute, zerbitzuak modu errazean eskainiko dituzte, erabiltzaileekin harreman estuagoa eta erosoagoa izango dute eta, ondorioz, irudia hobetuko dute, barneko helburuak eta kanpoko eskakizunak asetuz.

2012/03/06

Nire ibilbide profesionala

Multimedia Komunikazioa masterra hasi baino lehen, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen Euskal Herriko Unibertsitatean, 2006tik 2010era. Lizentziaturaren ikasturte bat Universidade de Santiago de Compostelan egin nuen.

Ikasketak osatzeko, ikus-entzunezkoekin zerikusia duten zenbait ikastaro eta jardunaldietan egon naiz: adibidez, EHUko Bilbao Arte eta Kulturak antolatutako udako zinema tailerrak (2009 eta 2010) eta Territorios y Fronteras zinema dokumentalaren ingurukoa. 2010-2011 ikasturtean Zinema Dokumentala ikasi nuen Kinema eskolan.


Canal Bizkaia
telebistan lau hilabete eman nituen, 2009 eta 2010 urteen artean, Bizkaia Gaur 360º informatiboetako kazetari. Han erredakzio, lokuzio eta edizio lanak egin nituen, baita produkzio lanak ere.


2011n, Belfasteko Macmillan Media produkzio-etxean bideokazetari aritu nintzen lau hilabetez, ITV telebista kateko Daybreak magazineko albistegietarako kameralari lanak egiten, Ipar Irlanda osoan zehar.

2011ko abuztutik eta masterra ikasten ari naizen bitartean, asteburuetan, Telemadrid katean nabil kazetari, Euskal Herrian berriemaile lanak egiten dituen Producciones Videográficas Vascas produkzio-etxearen bitartez. Hemen, Telenoticias Fin de Semana informatiboetan erredaktore naiz. Bestalde, Telemadrid katean kameralari lanak ere egin ditut.

Bitartean, zenbait laburmetrai, mikrodokumental eta spot amateurren ekoizpenean parte hartu dut, zuzendari, editore edota gidoilari bezala. 2009ko Kameratoia ikus-entunezko rallyan lehenengo sarian irabazi genuen. 2011ko Zinebi Express lehiaketan, bigarrena.

2012/02/17

Ahozkotasun ereduak: itzulpenak

Ahozko testuak euskarara itzultzean, jatorrizko ezaugarriak errespetatzea gakoa da, euskaraz baliokide egokienak izango diren testuak sortzeko asmoz. Zentzu honetan, testu berriak jatorrizkoaren formaltasun, zailtasun eta emozionalitate maila berbera izan beharko luke, itzulpen egokia dela esan ahal izateko. Euskaratzean, gainera, eredu normatibizatzailea eta normalizatzailearen artean aukeratu beharko dugu.

Torrente, el brazo tonto de la ley


Testu hau euskaratzeko, eredu normalizatzailea izango dugu kontuan. Izan ere, testuinguru horretan eredu estandarra ez litzateke egokia izango. Eredu normalizatzailea kualitatiboa izango da, jatorrizko bertsioan pertsonaien adierazteko modua bera umorerako arrazoia baita. Jatorrizko hizkuntzaren kalitatea errespetatzeko asmoz, itzulpenaren formaltasuna tabuaren mailan kokatuko nuke. Izan ere, poliziak, agian irain edo hitz gordin gehiegi erabili ez arren, azken finean, intimotasunaren maila gorenera eramaten du elkarrizketa, sexu proposamenera (pajillas, mariconadas). Aldaera geografiko bat hautatuko nuke, gaztelerazko bertsioan azentua nabaritzen zaielako. Torrentek hika egingo zuen eta, besteak, aldiz, zuka, gaztelerazko bertsioan usted tratamendua erabiltzen duelako. Kasu honetan, euskararen zuzentasun akademikoa ez litzateke kontuan hartuko.

Irailak 11, albistegia


Bigarren testu hau lehenengoaren antipodetan dago. Kontuan hartutako eredua normatibizatzailea izango litzateke, Euskal Herri osoan eta talde soziolinguistiko guztietarako ulergarria izan behar den testua (eta horrelakoa da albistegi bat) euskara batu estandarraren barruan kokatu behar da eta. Albistegiek eta mota honetako testuek, gainera, euskara batuaren erabilera eta euskararen zuzentasun akademikoa eta jatortasuna zabaltzen dute. Formaltasunari dagokionez, testua maila formalean kokatuko nuke. Testuaren zailtasun maila ez da handia ezta txikia ere, pertsona orok ulertzeko modukoa baita. Kazetarien eta ikus-entzulearen arteko distantzia guztiz soziala da: formaltasuna handia da, ebakera zorrotza eta tratamendua zuka. Kasu honetan, zuzenekoaren ezaugarriengatik eta azken orduko albistea izateagatik, isiltasun tarteak ugariagoak dira. Zarata ere (3:55) normaltasunaren barruan sartzen da.

Fuga de cerebros (4:00-10:00)


Hirugarren testu hau euskaratzeko, eredu normalizatzaile kuantitatiboa izango nuke kontuan, egungo elabilera zilegiztatzeko, guztientzako euskera ulergarri batean, Go!azen-en kasuan bezala. Hala ere, pertsonaia bakoitzaren hizkera ezberdina izango litzateke. Narratzailearen kasuan, formaltasun maila informala dela esango nuke. Gurpil-aulkian dagoenaren eta ijitoaren kasuetan, aldiz, formaltasuna argotera jaisten dela esango nuke. Formaltasuna, dudarik gabe, maila baxukoa da, baina egia da pertsona ororentzat ulergarri izaten saiatzen dela. Horregatik, bi pertsonai hauentzako aldaera geografiko bat hautatuko nuke, baina orokorrean, euskara batuaz itzuliko nuke gainontzeko pertsonaiak. Esan dezakegu, pertsonai batzuk argotean kokatzen diren bitartean eta narratzailea maila informalean dagoen bitartean, kolokiala dela biak elkartzen diren maila.



2012/02/03

Giro Bira: txirrindularitza transmedia

Aste honetan, txirrindularitzaren inguruko proiektu transmedia aurkeztu dut, Iskandar Hamawy eta Idoia Gatonekin batera, EITBko egoitzan. Edorta Aranak zuzendutako Multimedia produktuen programazioa eta ebaluazioa irakasgaiaren barruan kokaturiko ekitaldia izan zen. Aurkezpenean, Joselu Blanco, Rebeka Garai eta Iñako Gurrutxaga ere bazeuden. Gure proposamenarekin batera, klasekideen hainbat aurkezpen interesgarri egin ziren: Aupa Pipol eta Scripters transmedia fikzioak, Atlas bidaien inguruko proiektua, Lihoa iruten modaren inguruko saioa eta Goenkale transmediatzeko proposamena.

Gure proiektuaren izena Giro Bira da. Euskal Herrian dagoen txirrindularitza afizioa ikusita (Flandesen ostean, afiziorik hoberena garela diote), hedabideen aldetik arreta gehiago merezi duen kirola dela uste dugu. Are gehiago, merkataritza etekinen ikuspuntutik, Euskal Herrikoa edozein hedabidek baliatu dezakeen audientzia potentziala da.

Edozein lasterketetan ikusten ditugun ikurriñei eta gure errepideak betetzen dituen jendetzari bide emateko, bi hankadun Giro Bira aurkeztu diogu EITBri. Batetik, Giro Bira telebista saio bat da; bestetik, Giro Bira web gune bat da. Asteroko saioa zein Interneteko web gunea euskal txirrindularitza munduaren bilgunea izatea nahiko genuke.

Saioak informazioa eta entretenimendua izango luke ardatz, mahainguru zabal batean islatuta. Giro Biraren beste hanka kolaboratzaileak lirateke: edozein kazetarik, txirrindularik zein blogarik saioko mahainguruan zein web guneko blogetan parte hartzeko aukera izango luke. Era berean, sare sozialetara guztiz uztartuta egongo litzatekeen proiektua da Giro Bira, saioa ikus-entzuleekin eta web gunea erabiltzaileekin kontantuan egoteko modu hoberena baita.

Hemen daukazue proposamen egunean erabilitako aurkezpena:



Gu pozik atera ginen aurkezpenetik, guk egindako lanagatik baita arduradunen erantzunagatik ere. Ez dakigu Giro Birak egingo duen bidea, ezta irteera neutralizatutik kilometrorik mugituko den ere, baina argi geratu da EITBk bidea ireki behar liokeela txirrindularitzari, asmo handiko proiektu honen ideiak erabilita edota beste modu ezberdinak aukeratuta.

2012/01/11

Negua (soinu paisaia)

Negua da.

Iritsi dadila udaberria.




Euskera, alaitasuna eta baloreak

Atzo bisita berezia izan genuen Multimedia Komunikazioa Masterrean. Porrotx pailazoa etorri zitzaigun, Irrien Lagunak eta gainontzeko proiektu eta ekintzen inguruan hitz egitera. Hasieratik genekien ez zela ohiko eskola izango, baina inork ez zuen espero eman zigun lezioa jasotzea.

Euskeraren aldeko ekintzetan hasi ziren Porrotx eta lagunak, herrian, Lasarten. Laster proiektua handituz joan zen, eta beste baloreak sartu zituzten euren ekintza alaietan. Hainbat elkarterekin batera egin dute lan. Kolore askotako ume eta helduei irria marraztu diete.

Herrigintza izan zuen hizpide Porrotxek. Herriarentzat lan egiteko modu alaia erakutsi zigun, eta denok sentsazio berarekin bukatu genuen lezioa: eskerrik asko lanagatik, eskerrik asko erakutsitakoagatik. Klasekideek kronika osoagoak idatzi dituzte (1, 2, 3); nik dantza egin genuenaren bideoarekin utziko zaituztet:



Jaso ditzagun ikasitakoak eta segi dezagun lanean.

2012/01/04

Sare sozialak euskeraz ehuntzen

2011 bukatzeko, 'Euskararen komunitate birtualak: Nola ehundu Harreman-sareak?' mahaingurua antolatu zuen EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak. Sarean dabiltzan sei euskaldun bildu zituen Fakultateko Auditoriumean, euskerak sarean daukan lekuaren inguruan iritziak eta ideiak trukatzeko helburuarekin: Lontzo Sainz (EITB), Maite Goñi (Euskal Jakintza), Idurre Eskisabel (Berria), Hasier Etxeberria (ZuZeu), Lander Arbelaitz (Argia) eta Luistxo Fernandez (Sustatu). Mahaingurua streaming bidez bota zuten. Twitterren #ekbirtualak hashtagarekin jarraitu ahal izan zen.

Euskal komunitatea

Han bildutako guztiek Interneten euskerazko sare bat badagoela aitortu zuten. Hasier Etxeberriak esan moduan, Interneten euskeraz gaudenok, Internet eta euskera maite ditugunak gara. Luistxok adierazi zuen legez, sarean zaletasunen inguruan biltzen dira euskaldunak eta horien araberako komunitateak sortu dira: irakaskuntzan dabiltzanek komunitate batean, Eibarko batzuk beste batean, ezkertiarrak hemen, txirrindulazaleak han (Tropela.net)... Baina, horien guztien gainetik, euskal komunitate bat sortu da: Interneten euskera erabiltzen dutenen sarea. Euskaldun kopuru garrantzitsua Twitter sare sozialean bildu da, hain zuzen. Komunean euskera bera daukagu, euskeraz jarduten dugula.

Maite Goñik esan zuen bezala, euskal komunitate hau ez da handia, txikia baizik. Baina sarean ikusten ditugun ekintzen eta parte hartzearen arabera, komunitate hau gogotsua dela baiezta dezakegu. Euskaldunen komunitate polita sortu da sarean. Beraz, hizkuntza bizia da gurea, Interneten bere lekua bilatu eta aurkitu duelako.

Lander Arbelaitzek argi adierazi zuen: munduko 6.000 hizkuntzen artean, euskera 40. postuan dago Interneteko rankinean. Hiztunen araberako zerrendan euskera postu horretan egon ez arren, gure hizkuntza Interneten gogoz eta bide onetik sartu dela adierazten du datu horrek. Argiako kazetariak esan zuen bezala, euskerak betidanik jasan izan duen hizkuntza zaharkituaren zama hori gainetik kentzeko aukera eman dio Internetek euskerari, bai eta honek aprobetxatu ere.

Helburuak eta erronkak

Kalean gertatzen den gauza bera jazotzen da sarean: erabiltzaile batzuen artean lehenengo hitza euskeraz bada, euskera mantenduko da erabiltzaile horien komunikazioetan. Baina egia da ingurua euskalduna baldin bada (kalean, kartelak eta formularioak; Interneten, sare sozialeetako interfazeak), errazagoa izango dela hizkuntza erabiltzea. Gain honen inguruan eztabaida sortu zen mahainguruan.

Nire ustez, interfazea euskeraz egoteak ez du ziurtatzen sare sozialen erabiltzaileek euskeraz egingo dutenik. Aldiz, sare soziala erderaz egon arren, erabiltzaileek euskera normaltasunez erabili dezakete. Bizitza errealean ere berdin gertatzen zaigu. Legez inguru elebiduna ziurtatuta dagoen EAEko euskeraren erabilera datuak ikusi besterik ez dago. Ezagutza eta erabilera ez datoz bat. Beti bezala, erabilera hitza agertzen zaigu azpimarratuta, behin eta berriro.

Goñik esan zuenez, Interneten ez dago hizkuntza txikirik: nahi duguna izango gara. Guztiek ikusi zituzten aukerak. Zailtasunak daudela aitortu arren, Idurre Eskisabelek irudimena eskatu zuen. Kalitatezko euskerazko edukiak eta erabilera ziurtatuko dituzten estrategia erabilgarriak garatzeak imajinazioa behar du, erabiltzaile berriak euskerara erakartzeko.

Euskera hizkuntza erabilgarria dela erakusten ari dela uste dut. Gazteen kasuan, eskolan aurkitzen ditugun arazo berberak topatzen dira sarean. Horiek konpontzeko, euskeraren presentzia digitala handitzen segitu behar du euskaldunak. Zentzu honetan, erabiltzaileen lan militanteaz hornitu izan da euskera. #EKbirtualak jardunaldian bildutakoek, adibidez, euskal komunitatearen partaidea Wikipedian sarrerak sortzera eta euskeratzera bultzatu zuten. Bakoitzaren lana beharrezkoa baita euskerak Interneteko itsaso zabalean bide polita egin ahal duela erakusteko.

Hau, baina, ez da nahikoa. Administrazioen lekuaren inguruan, bat etorri ziren mahainguruko guztiak: dirulaguntzak beharrezkoak dira. Eskisabelek gogoratu zuen bezala, oso zaila da ordainpeko edukiak zabaltzea Interneten, erabiltzailea (batez ere ikaslea eta gaztea) ezin delako ordaintzera behartu, doaneko edukira joko duelako bestela, euskeraz egon ez arren. Gainera, demografikoki, berez, euskerak ez du ahalmenik sarean bakarrik iraunarazteko.

Luistxok aipatu zuen: alderantziz izan beharko luke, baina murrizketen garai batera goaz, zuzenean. Hizkuntza politika sendoa eta lagungarria beharko luke euskerak, baita Interneten ere, baina ez da hori aurkituko duena, kolore politikoez haratago. Ikustear dago hizkuntzaren erantzun ahalmena.

Orokorrean, gonbidatuak ados eta baikor agertu ziren euskeraren egoera sarean deskribatzerakoan. Era berean, guztiek eskatu zuten beste hizkuntza politika, euskera osotasunean babestuko lukeena. Lontzok beste hizkuntzak hitz egiten dituztenek mahainguruan bota ziren galderak euren buruei egiten ote dizkieten galdetu zuen. Agian, edo seguraski, ez. Baina horregatik bizi da euskera. Bereziki sarean.


Argazkiak: Andere Gonzalez