2012/01/04

Sare sozialak euskeraz ehuntzen

2011 bukatzeko, 'Euskararen komunitate birtualak: Nola ehundu Harreman-sareak?' mahaingurua antolatu zuen EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak. Sarean dabiltzan sei euskaldun bildu zituen Fakultateko Auditoriumean, euskerak sarean daukan lekuaren inguruan iritziak eta ideiak trukatzeko helburuarekin: Lontzo Sainz (EITB), Maite Goñi (Euskal Jakintza), Idurre Eskisabel (Berria), Hasier Etxeberria (ZuZeu), Lander Arbelaitz (Argia) eta Luistxo Fernandez (Sustatu). Mahaingurua streaming bidez bota zuten. Twitterren #ekbirtualak hashtagarekin jarraitu ahal izan zen.

Euskal komunitatea

Han bildutako guztiek Interneten euskerazko sare bat badagoela aitortu zuten. Hasier Etxeberriak esan moduan, Interneten euskeraz gaudenok, Internet eta euskera maite ditugunak gara. Luistxok adierazi zuen legez, sarean zaletasunen inguruan biltzen dira euskaldunak eta horien araberako komunitateak sortu dira: irakaskuntzan dabiltzanek komunitate batean, Eibarko batzuk beste batean, ezkertiarrak hemen, txirrindulazaleak han (Tropela.net)... Baina, horien guztien gainetik, euskal komunitate bat sortu da: Interneten euskera erabiltzen dutenen sarea. Euskaldun kopuru garrantzitsua Twitter sare sozialean bildu da, hain zuzen. Komunean euskera bera daukagu, euskeraz jarduten dugula.

Maite Goñik esan zuen bezala, euskal komunitate hau ez da handia, txikia baizik. Baina sarean ikusten ditugun ekintzen eta parte hartzearen arabera, komunitate hau gogotsua dela baiezta dezakegu. Euskaldunen komunitate polita sortu da sarean. Beraz, hizkuntza bizia da gurea, Interneten bere lekua bilatu eta aurkitu duelako.

Lander Arbelaitzek argi adierazi zuen: munduko 6.000 hizkuntzen artean, euskera 40. postuan dago Interneteko rankinean. Hiztunen araberako zerrendan euskera postu horretan egon ez arren, gure hizkuntza Interneten gogoz eta bide onetik sartu dela adierazten du datu horrek. Argiako kazetariak esan zuen bezala, euskerak betidanik jasan izan duen hizkuntza zaharkituaren zama hori gainetik kentzeko aukera eman dio Internetek euskerari, bai eta honek aprobetxatu ere.

Helburuak eta erronkak

Kalean gertatzen den gauza bera jazotzen da sarean: erabiltzaile batzuen artean lehenengo hitza euskeraz bada, euskera mantenduko da erabiltzaile horien komunikazioetan. Baina egia da ingurua euskalduna baldin bada (kalean, kartelak eta formularioak; Interneten, sare sozialeetako interfazeak), errazagoa izango dela hizkuntza erabiltzea. Gain honen inguruan eztabaida sortu zen mahainguruan.

Nire ustez, interfazea euskeraz egoteak ez du ziurtatzen sare sozialen erabiltzaileek euskeraz egingo dutenik. Aldiz, sare soziala erderaz egon arren, erabiltzaileek euskera normaltasunez erabili dezakete. Bizitza errealean ere berdin gertatzen zaigu. Legez inguru elebiduna ziurtatuta dagoen EAEko euskeraren erabilera datuak ikusi besterik ez dago. Ezagutza eta erabilera ez datoz bat. Beti bezala, erabilera hitza agertzen zaigu azpimarratuta, behin eta berriro.

Goñik esan zuenez, Interneten ez dago hizkuntza txikirik: nahi duguna izango gara. Guztiek ikusi zituzten aukerak. Zailtasunak daudela aitortu arren, Idurre Eskisabelek irudimena eskatu zuen. Kalitatezko euskerazko edukiak eta erabilera ziurtatuko dituzten estrategia erabilgarriak garatzeak imajinazioa behar du, erabiltzaile berriak euskerara erakartzeko.

Euskera hizkuntza erabilgarria dela erakusten ari dela uste dut. Gazteen kasuan, eskolan aurkitzen ditugun arazo berberak topatzen dira sarean. Horiek konpontzeko, euskeraren presentzia digitala handitzen segitu behar du euskaldunak. Zentzu honetan, erabiltzaileen lan militanteaz hornitu izan da euskera. #EKbirtualak jardunaldian bildutakoek, adibidez, euskal komunitatearen partaidea Wikipedian sarrerak sortzera eta euskeratzera bultzatu zuten. Bakoitzaren lana beharrezkoa baita euskerak Interneteko itsaso zabalean bide polita egin ahal duela erakusteko.

Hau, baina, ez da nahikoa. Administrazioen lekuaren inguruan, bat etorri ziren mahainguruko guztiak: dirulaguntzak beharrezkoak dira. Eskisabelek gogoratu zuen bezala, oso zaila da ordainpeko edukiak zabaltzea Interneten, erabiltzailea (batez ere ikaslea eta gaztea) ezin delako ordaintzera behartu, doaneko edukira joko duelako bestela, euskeraz egon ez arren. Gainera, demografikoki, berez, euskerak ez du ahalmenik sarean bakarrik iraunarazteko.

Luistxok aipatu zuen: alderantziz izan beharko luke, baina murrizketen garai batera goaz, zuzenean. Hizkuntza politika sendoa eta lagungarria beharko luke euskerak, baita Interneten ere, baina ez da hori aurkituko duena, kolore politikoez haratago. Ikustear dago hizkuntzaren erantzun ahalmena.

Orokorrean, gonbidatuak ados eta baikor agertu ziren euskeraren egoera sarean deskribatzerakoan. Era berean, guztiek eskatu zuten beste hizkuntza politika, euskera osotasunean babestuko lukeena. Lontzok beste hizkuntzak hitz egiten dituztenek mahainguruan bota ziren galderak euren buruei egiten ote dizkieten galdetu zuen. Agian, edo seguraski, ez. Baina horregatik bizi da euskera. Bereziki sarean.


Argazkiak: Andere Gonzalez

No hay comentarios:

Publicar un comentario