2011/12/11

Hedabideak euskararen itsasoan

Hizkuntza bakoitzari egoera soziolinguistiko bat dagokio. Soilik hori kontuan izanda planifika daiteke hizkuntza horrek behar dituen hedabideak nolakoak izan behar diren. Euskararen kasuan, hedabideek, informazioa, entretenimendua eta kultura eskaintzeaz gain, euskararen mapa osatzen baitute. Berebiziko garrantzia dute euskararen normalizazioaren aldeko bidean.

Euskara oso modu ezberdinetan banatzen da bai Euskal Herriko mapan zehar baita biztanleria-piramidean ere. Euskararen ezagutza handiagoa da EAEn Nafarroan eta Iparraldean baino: elebidunen %83,7a EAEn dago. Era berean, gazteena da elebidun gehien hartzen dituen adin-tartea. Erabilera, baina, bestelakoa da: Hegoaldean gora doan bitartean, Iparraldean behera (gazteen artean joera kontrakoa den arren).

Egoera soziolinguistikoa askotarikoa den herrian hedabideek ere askotarikoak izan behar dute. Alde batetik, hedabide orokorren itzala indartu beharko litzateke. Hedabide hauek (ETB 1ek eta, batez ere, Berriak) euskararen mapa zabaltzen dute Euskal Herri osoan zehar, kohesioa ematen dioten bitartean. Gainera, euskara erraz ulertzeko modu batean aurkezten dute. Hauekin batera, euskarazko tokiko hedabideak ere beharrezkoak dira: bakoitzak eskualdearen ezaugarriei erantzun beharko die, hango elebidunen eskaerak behar den moduan asetzeko. Planifikazio honek edukietan, xede-taldean eta euskaran bertan dauka eragina, ez baita erronka bera Bilborako, Tolosalderako edo Erriberarako hedabide bat kudeatzea.

Kasu guztietan, edukiek izan behar dute nagusitasuna. Erabiltzaileak kalitatezko zerbitzu bat jasotzen duela somatu behar du, lehendabizi euskarazko hedabidera jotzeko. Honekin batera, Internet bidezko multimedia izaera ziurtatuta egon beharko litzateke, euskara euskarri guztietan egoteko helburuarekin.

Era berean, eta euskararen erabilera sustatzeko, ezinbestekoa da hedabideen interaktibotasuna. Horrela, hedabideak euskaraz egiteko gunea zabaltzen dio elebidunari, ezagutza erabilera bilakatzeko bidean. Zentzun honetan, hizkuntzak berak, hedabideen eskuetatik helduta, ezin du sare sozialen trena galdu. Sare sozialak dira eguneko bizitza informalaren isla, batez ere nerabeen artean. Hedabideak hemen egonda, euskara mundu akademikotik kanpo ere erabiltzea bultza daiteke. Eta horrela, agian, euskara bere egoeraren itsaso zabalean indartzea lortugo genuke.



No hay comentarios:

Publicar un comentario