Mostrando entradas con la etiqueta interaktibitatea. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta interaktibitatea. Mostrar todas las entradas

2012/01/04

Interneteko erreportajeak, aukera kazetaritzarentzat

Kazetaritzak Interneterako jausia burutu zuenean, panorama berri batekin topatu zen. Erreportaje tradizionalak, era berean, betiko ezaugarriak eraman zituen Interneteko plazara, baina hango baldintzekin uztartu behar izan zituen. Moldaketa prozesu honetan kokatu behar ditugu gaur egun hedabide digitaletan aurkitzen ditugun erreportaje muldimediak.

Internetek erreportajegintzan sartu zituen ezaugarriak sareko edozein esparrutan aurkitzen ditugunak dira, hau da, hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibotasuna. Hauek, noski, erreportajea ekoiztu baino lehen hartu beharreko erabakietan eragin zuzena daukate. Gure erreportajeak ez du jadanik hasiera eta bukaera garbirik edukiko. Ez da testu idatzi soila izango, ezta bideo edo audio bakarra. Gure erreportajea ez-lineala, multimedia eta interaktiboa izango da.

Erreportajearen gaia aukeratzeko orduan, lehen zein orain, hedabide tradizionalean zein sarean, prozesua oso berberatsua izango da. Agian, esan daiteke sareko erreportajegintzan gaien inguruko aukera gehiago zabaltzen direla, batez ere interaktibotasunari esker. Helburu diskurtsiboa zehazterako orduan, gauza bera gertatuko zaio kazetariari. Betiko generoak sarera eraman dira. Hizkuntza erabaki hauek hartzerakoan zehaztu behar da, ez baita gauza bera gazteentzako, helduentzako, euskaldunentzako edo nazioarte mailako erreportaje bat egitea.

Erreportajegintza tradizionalean, produktuak modu klasikoan egituratuta daude: hasiera, garapena eta bukaera. Honek, noski, erabilitako hizkuntzan eta estiloan berebiziko eragina dauka. Sarean, aldiz, erreportajeek ez dute ordena hau jarraitzen. Hasiera bat badago, home deitzen dena. Nodo nagusia da hau, kazetariak edo egileak hasieratzat pentsatu duena, irakurlea, ikus-entzulea edo, hobeto esanda, erabiltzailearentzat prestatu duen abiapuntua. Erreportajegintza tradizionalean bezalaxe, sarean ere, hasierako nodoan, estilo linguistikoak sarrera kutsua hartuko du, edozein kasutan gaia erabiltzaileari aurkeztu beharko dio eta.

Hemendik aurrera, baina, erabiltzailea modu ez-linealean mugituko da erreportajean zehar (bai eta erreportajetik aldendu ere, geroago bueltatzeko). Kazetariak, menuen edo beste mekanismoen bitartez, bide bat proposatu diezaioke, baina erabiltzailea guztiz libre izango da. Beraz, jakin behar da kazetariak ekoiztutako nodoak independenteak izango direla, erreportajean guztiz integratuta ageri zein justaposizioan egon.

Kazetariak, jadanik, ezin du euskarri bakar batean pentsatu. Hemen sartzen da multimediatasuna jokoan: sareko erreportajean testu idatzia, audioak, bideoak, argazkiak, mapak edota infografiak aurkitu ditzakegu. Bakoitzari aldaera linguistiko ezberdinak dagozkio, kazetariaren diskurtsoa aberats dezaketenak. Adibidez, erreportajean protagonista den pertsonaia baten aipuak idatziz hartzen badira, modu zehatz batean transkribituta egongo dira, normalean irakurtzean ulertzeko modukoak. Kazetariak aipuak bideo bidez hartu baditu, aldiz, euskarri horretan dagoen moduan, aldaketarik gabe, erakutsi ahal izango ditu. Biak batera erabili daitezke.

Produktuaren diseinua erreportajearen ekoizpenaren pausurik garrantzitsuenetariko bat da, agian eredu tradizionalean baino inportanteagoa. Diseinuak hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibotasuna ondo uztartzen laguntzen du. Horregatik, ondo pentsatzeko eta lantzeko urratsa da.

Baina hiru ezaugarriak oso garrantzitsuak izanda ere, nire ustez, azkena da erreportajegintza erabat irauli dezakeena, daukan potentzialtasunagatik: interaktibotasuna, hain zuzen. Eredu tradizionalean, mezua bide batean ekoiztu izan da, eta oraindik sarean modu horretan zabaltzen ari da: norabide bakarrean, kazetaritik erabiltzailearengana. Baina web 2.0an, edukiak gero eta interaktiboak bihurtzen ari dira, baita erreportajeak ere. Sareak aukera ematen du edukiak bidaltzeko, iruzkinak idazteko, edukiak edo inkestetan bozkatzeko... Horiek guztiek erreportajearen edukiak aberasten dute, erabiltzaileen iritzia produktuan bertan kokatzen dutelako.

Hala ere, interaktibotasunaren hurrengo pausua ez da, momentuz, argi eta garbi ustiatu. Erabiltzaileek erreportajean aktiboki parte hartzea da interaktibitate osoa, erreportajea bera eraikitzen laguntzea. Gai batzuen kasuetan bereziki interesgarria litzateke interaktibotasun mota hau; esaterako, erabiltzaileen esperientzia zuzena erreportajearentzako baliagarria denean. Pausu hau aurrera eramatea Interneteko kazitaritzaren demokrazizazioaren adibidea izango litzateke, baina oraindik hedabide tradizionalen ereduetan mugitzen da sarea. Edozein kasutan, Internetek eskaintzen dituen aukerak, hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibotasuna ustiatzen diren heinean, erreportajegintzak berezkoa duen kazetaritza izaeran sakonduko du.



2011/12/13

Euskarazko multimedia hedabideen eskaintza

Gaur egun, sarea da komunikatzeko modurik eraginkorrena eta etorkizun argiagoa duen hedabidea. Ez genuke nahi euskararik gabeko sarea, eta ezinezkoa dugu Internetik gabeko euskara ere irudikatu. Euskal hedabideek Interneten egon behar dute, halabeharrez. Ezin ukatu sarean bide ona egiten ari direla euskarazko hedabideak. Kalitatezko produktu asko dago. Gaur egun, erabiltzaile euskaldunak (zahar zein berri) badauka euskarazko eskaintza zabala jasotzeko aukera Internet bidez, eta hedabide-sare hau ezinbestekoa da euskararen erabilera sustatzeko.

Badakigunez, modu ezberdinetan egiten eta zabaltzen da hedabide bakoitza, xede-taldearen arabera (hedabidearen eskualdearen erabera eta irakurleen adinaren arabera) bai eta edukien arabera (informazio orokorra, zientziari buruzko artikuluak edo entretenimendua, kasu). Jorratu beharreko bidea eta espero beharreko emaitzak ezberdinak dira, eta ez dira zertan alderagarriak izan. Ezin dugu konparatu, adibidez, eitb.com gune orotariko, nazionala eta masiboa Ttipi-Ttapa lokala eta xumeagoarekin. Hala ere, garrantzitsua da, euskara normalizazio egoera batean sartzea nahi baldin bada, eskaintza zabala eta askotarikoa aurkitu ahal izatea.

Hiru dira hedabideek erreparatu beharreko aldagaiak Interneten: edukiak, multimediatasuna eta elkarreragina. Edukiek, helburua edozein dela, beti izan behar dute berebiziko garrantzia. Ardura nagusiena izan behar du, kalitaterik gabe nekez joko baitu irakurleak gure hedabideetara. Era berean, eduki hauek Internetek zabaldutako bide berrietan landu eta kudeatu jakin behar da. Gaur egun, beharrezkoa da gure eskaintza hainbat formatutan egotea, denak web gunearen plataforma bakarrean biltzen diren arren. Esan nahi baita, idatzizko testuak, bideoak, argazkiak eta soinuak elkartzen dituen multimedia formatuan ekoizten saiatu behar dira hedabideak. Multimediak informazioa eta hizkuntza bera osatzen du. Hedabide nagusienek ere (EITB edo Berria, adibidez) alde honetatik oraindik daukate hobetzekorik.

Edukiak zelan zabaltzen diren ere garrantzia hartzen du hedabidearen arrakastan: interaktibotasuna edo elkarreragina sartzen da jokoan. Web 2.0 izaera barneratuta edukitzea ezinbestekoa da hedabideen helburuak betetzeko. Elkarreraginari esker, erabiltzaileak edukiak zabaldu ez ezik, euskara bera presentzia indartuko du, bai web gunetik bertatik baita sare sozialen bidez ere.

Sarean topatzen dugun eskaintza ospatzekoa den arren, zuloak ere ikusten ditugu. Hizkuntzaren egoera soziolinguistiko bereziak (hiztunen banaketa geografiko aldakorra, elebidunen arteko ezberdintasunak, diglosia...) beharrezkoa egiten du euskal hedabideen lana ahalik eta zehatzena izatea. Euskarak eskaintza hoberena merezi eta behar du, ez baititu erronka errazak aurrean. Dauden (eta oraindik sortzeke dauden) hedabideek zulotxo horiek estaltzen dituzten heinean, euskara merezitako esparrua irabaziz joango da, euskararen erabilera sustatzeko ezinbestekoa.



2011/11/15

Web 2.0ren zuzeneko adibidea

Web 2.0 informazioa partekatzea errazten duten aplikazioak erabiltzea da.

Web 2.0an interaktibitateak berebiziko inportantzia hartzen du. Mezua gaur bidirekzionala da. Igorle eta hartzaileak baino, erabiltzaileak daude. Lehen, mezua igorletik hartzailera zihoan, orain berriz, igorletik hartzailera eta hartzailetik igorlera doa. Denok parte har dezakegu web 2.0 bidez zabaltzen den komunikazio prozesuetan.

Baina, batez ere, web 2.0 jarrera kontua da. Web 2.0 filosofia ere bada. Daukagun informazioa modu irekian eta libreki plazaratzeko prest egotea esan nahi du komunikazioa irauli duen modu berri honek.

Hurrengo bideoan argi gelditzen da web 2.0 zertan datzan. Idoia Gaton klasekideak, eskolara bidean auto pilaketa batean gelditu zenean, Twitter sare soziala erabili zuen berandu helduko zela esanez. Gainera, momentu horretan kazetari web 2.0 bihurtu zen, auto pilaketaren zuzeneko informazioa plazaratu zuelako Twitterren (argazkia). Gainontzeko klasekideok bere informazioa ikusi eta mezuak erantzun genizkion. Bideo honetan, momentuan grabatutako egoera ikus daiteke eta web 2.0ren ezaugarriak eta, baterez ere, filosofia erakusten dira.




Licencia de Creative Commons
Obra hau Creative Commons lizentziapean dago.