2011/12/05

KULTURiZE: euskal agenda kulturala mugikorrean

Lehen, kultur ekitaldiak non ospatzen ziren jakiteko hainbat hedabidetako agenda ezberdinak begiratu behar genituen: batak lurralde bateko ekitaldiak baino ez zituen biltzen, besteak ez zituen guri gustatzen zaizkigunak erakusten... Eta askotan, ekitaldi interesgarri bat ospatu zela beranduegi konturatzen ginen.

Aurtengo Buberretan saritutako aplikazio bat hutsune hau betetzera dator: KULTURiZE. Android sistema eragilea daukaten mugikorrentzako zein iPhone-entzako sortutako agenda elektroniko honek Euskal Herriko ekitaldi kulturalak biltzen ditu telefono mugikorrean. Akting enpresako ingeniariek garatu dute.

Gertuko ekitaldiak gaika sailkatuta ikusteko aukera ematen du KULTURiZEk: musika, antzerkia, dantza, bertsolaritza, hitzaldiak... Erabiltzaileak egutegian eta mapan zehar nabiga dezake, bakoitzaren agenda pertsonalizatua sortzeraino. Gainera, ekitaldi bakoitza mapa batean kokatzen du aplikazioak. Horrela, zita jakin bezain laster Google Maps-era jo behar izatea sahiesten digute.

Momentuz, hiru dira KULTURiZE hornitzen dituzten agenda digitalak: Musika Zuzenean, Eke eta Kulturklik eta BarraBarra!. Ikuspegia Euskal Herri osokoa da, beraz. Intraktibotasuna sakontzeko asmoz, aplikazioak zuk zeuk antolatutako ekitaldiak sartzea ahalbidetzen du. Gertaera zabalduko duzu eta, gainera, gainontzeko erabiltzaileei agenda osatuko diezu.

Aplikazio hau, noski, doakoa da. Android-eko merkatutik edo Apple-ren App Store-tik deskarga daiteke. Ekitaldi batzuen kasutan, sarrerak erosteko forma ere ematen du, txarteldegira edo kutxazain automatikora hurbildu gabe.

Momentu honetan, esaterako, Twitter kontu ofizialean zabaldu dutenez, egunotan ospatzen ari den Durangoko Azokaren egutegi osoa jaso dezakezu, euskeraz, zure aplikazioan. Eskerrak eman beharko dizkiogu KULTURiZE superheroiari!




2 comentarios: