2011/12/22

Berrian ospatzekoak eta hobetzekoak

Denok ezagutzen dugu Berria, euskarazko egunkari nazional bakarra. Online bertsioa ere, Berria.info, oso erabilia da euskaldunen artean. Horregatik, Berria egunkariaren web gunearen analisi honetarako, batez ere bi gauzatan jarriko dugu arreta: euskararen normalizazioaren alde burututako alde positiboak, batetik, eta Berria.info web orrian hobetu ahal diren alderdiak, bestetik.

Hasteko, argitu behar da Berria izatea bera ezinbesteko urratsa dela euskararen normalizazioaren alde, euskarazko bakarra delako Euskal Herri mailan. Beraz, egunkariaren online bertsioa ere indartsua izan behar da. Euskaldunari beharrezkoak zaizkion eskakizunak betetzen saiatu behar da, bai eta euskara modu eraginkorrean zabaltzen ere.

Hedabideko alde positiboenen artean hizkuntzaren erabilera da. Sareko hedabide baten testuak zuzena, hipertestuala, multimedia, ulerterraza eta hitz gakoduna izan behar du. Berria estilo ulergarri eta erabilgarri bat sortzen saiatu da betidanik, eta hori euskeraren normalizazioaren aldeko pausu oso garrantzitsua da, euskera zuzena eta ulerterraza egiten dutelako. Gainera, honek laguntzen du gertuagoko edukiak plazaratzen eta jende gehiagorengana iristen. Euskera batua eta orokorrean formala erabiltzen den arren, badaude aldaerak, eta egunkariak erabiltzen duen hizkuntza moldea ez da beti berbera: adibidez, berriaTB-ko bideo batean norbait elkarrizketatzen dutenean, erregistroak ez du zertan formala edo idatziz erabiltzen denaren modukoa izan. Aldaera geografikoak ere sartzen dituzte (betiere batuaren barruan), izaera nazional hori indartuz.

Sareko hebadide batek erabilera ere bultzatu beharko luke. Berriak mugarria ireki zuen bide horretan: Berriketan.info. Euskarazko sare sozial honetan, kazetariak eta erabiltzaileak berriak eta iritziak parteka ditzakete. Zenbait emankizunetan zuzeneko kontakizuna egiteko ere erabiltzen dute. Hau euskal erabiltzaileentzako plaza da sarean, momentu batzuetan beste leku erdaldunetara jo behar izatea sahiesten duena.

Berria, gainera, Twitter eta Facebook-en ere badago. Sare sozialetan egoteak, hedabidearen presentzia hobetzeaz gain, hizkuntza ere kokatzen du.

Sareko hedabide batek multimedia izan beharko luke beti. Idatzizko ohiko egunkariak beste mediekin jolasten hasi dira, eta Berria ez da atzean geratu. BerriaTB, argazkiak eta infografiak (Hegoaldeko azken hauteskundeen inguruko infografia interaktibo interesgarri hau, esaterako) adibideak dira. Baina alderdi hauek hobetzeko prozesu iraunkorrean egon behar dute. BerriaTBren kasuan, esaterako, edukiek izan behar dute lehentasuna, kalitatezko bideoak ekoizteko helburuarekin. Edukiaren arabera interesa ere handituko da.

Multimediatasuna ez ezik, interaktibotasuna hobetu beharko luke Berriak. Adibide bat jartzearren: kasu gehienetan, ez dago artikuluetan iruzkinak idazteko aukerarik. Hau webgunearen edukien estrategiagatik gertatzen da: Berria.infok egunkariko eduki gutxi batzuk igotzen dituzte eta eguneko albisteekin osatzen dituzte. Albiste hauek hiperestekatu gabe geratzen dira, edukien kaltetan. Beraz, hipertestualitatea, berrien arteko loturak ezartzen duena, ez dago behar bezala landuta. Gehiago egin daiteke.

Oso lan garrantzitsua eta beharrezkoa egiten du Berriak euskararen eta informazioaren alde, baita sarean ere. Sareko ezaugariak (multimedia, interaktibitatea eta hipertestuak) idartuz, gainera, euskarak behar duen bidea leun dezake. Esan dezakegu euskararen erramintarik eraginkorrenen artean kokatzen dela hedabidea. Eta ezin dugu ahaztu, Berria hobetzea suposatzen duen edozein urrats euskararen normalizazioaren aldeko pausua izango dela.


2011/12/13

Euskarazko multimedia hedabideen eskaintza

Gaur egun, sarea da komunikatzeko modurik eraginkorrena eta etorkizun argiagoa duen hedabidea. Ez genuke nahi euskararik gabeko sarea, eta ezinezkoa dugu Internetik gabeko euskara ere irudikatu. Euskal hedabideek Interneten egon behar dute, halabeharrez. Ezin ukatu sarean bide ona egiten ari direla euskarazko hedabideak. Kalitatezko produktu asko dago. Gaur egun, erabiltzaile euskaldunak (zahar zein berri) badauka euskarazko eskaintza zabala jasotzeko aukera Internet bidez, eta hedabide-sare hau ezinbestekoa da euskararen erabilera sustatzeko.

Badakigunez, modu ezberdinetan egiten eta zabaltzen da hedabide bakoitza, xede-taldearen arabera (hedabidearen eskualdearen erabera eta irakurleen adinaren arabera) bai eta edukien arabera (informazio orokorra, zientziari buruzko artikuluak edo entretenimendua, kasu). Jorratu beharreko bidea eta espero beharreko emaitzak ezberdinak dira, eta ez dira zertan alderagarriak izan. Ezin dugu konparatu, adibidez, eitb.com gune orotariko, nazionala eta masiboa Ttipi-Ttapa lokala eta xumeagoarekin. Hala ere, garrantzitsua da, euskara normalizazio egoera batean sartzea nahi baldin bada, eskaintza zabala eta askotarikoa aurkitu ahal izatea.

Hiru dira hedabideek erreparatu beharreko aldagaiak Interneten: edukiak, multimediatasuna eta elkarreragina. Edukiek, helburua edozein dela, beti izan behar dute berebiziko garrantzia. Ardura nagusiena izan behar du, kalitaterik gabe nekez joko baitu irakurleak gure hedabideetara. Era berean, eduki hauek Internetek zabaldutako bide berrietan landu eta kudeatu jakin behar da. Gaur egun, beharrezkoa da gure eskaintza hainbat formatutan egotea, denak web gunearen plataforma bakarrean biltzen diren arren. Esan nahi baita, idatzizko testuak, bideoak, argazkiak eta soinuak elkartzen dituen multimedia formatuan ekoizten saiatu behar dira hedabideak. Multimediak informazioa eta hizkuntza bera osatzen du. Hedabide nagusienek ere (EITB edo Berria, adibidez) alde honetatik oraindik daukate hobetzekorik.

Edukiak zelan zabaltzen diren ere garrantzia hartzen du hedabidearen arrakastan: interaktibotasuna edo elkarreragina sartzen da jokoan. Web 2.0 izaera barneratuta edukitzea ezinbestekoa da hedabideen helburuak betetzeko. Elkarreraginari esker, erabiltzaileak edukiak zabaldu ez ezik, euskara bera presentzia indartuko du, bai web gunetik bertatik baita sare sozialen bidez ere.

Sarean topatzen dugun eskaintza ospatzekoa den arren, zuloak ere ikusten ditugu. Hizkuntzaren egoera soziolinguistiko bereziak (hiztunen banaketa geografiko aldakorra, elebidunen arteko ezberdintasunak, diglosia...) beharrezkoa egiten du euskal hedabideen lana ahalik eta zehatzena izatea. Euskarak eskaintza hoberena merezi eta behar du, ez baititu erronka errazak aurrean. Dauden (eta oraindik sortzeke dauden) hedabideek zulotxo horiek estaltzen dituzten heinean, euskara merezitako esparrua irabaziz joango da, euskararen erabilera sustatzeko ezinbestekoa.



2011/12/11

Hedabideak euskararen itsasoan

Hizkuntza bakoitzari egoera soziolinguistiko bat dagokio. Soilik hori kontuan izanda planifika daiteke hizkuntza horrek behar dituen hedabideak nolakoak izan behar diren. Euskararen kasuan, hedabideek, informazioa, entretenimendua eta kultura eskaintzeaz gain, euskararen mapa osatzen baitute. Berebiziko garrantzia dute euskararen normalizazioaren aldeko bidean.

Euskara oso modu ezberdinetan banatzen da bai Euskal Herriko mapan zehar baita biztanleria-piramidean ere. Euskararen ezagutza handiagoa da EAEn Nafarroan eta Iparraldean baino: elebidunen %83,7a EAEn dago. Era berean, gazteena da elebidun gehien hartzen dituen adin-tartea. Erabilera, baina, bestelakoa da: Hegoaldean gora doan bitartean, Iparraldean behera (gazteen artean joera kontrakoa den arren).

Egoera soziolinguistikoa askotarikoa den herrian hedabideek ere askotarikoak izan behar dute. Alde batetik, hedabide orokorren itzala indartu beharko litzateke. Hedabide hauek (ETB 1ek eta, batez ere, Berriak) euskararen mapa zabaltzen dute Euskal Herri osoan zehar, kohesioa ematen dioten bitartean. Gainera, euskara erraz ulertzeko modu batean aurkezten dute. Hauekin batera, euskarazko tokiko hedabideak ere beharrezkoak dira: bakoitzak eskualdearen ezaugarriei erantzun beharko die, hango elebidunen eskaerak behar den moduan asetzeko. Planifikazio honek edukietan, xede-taldean eta euskaran bertan dauka eragina, ez baita erronka bera Bilborako, Tolosalderako edo Erriberarako hedabide bat kudeatzea.

Kasu guztietan, edukiek izan behar dute nagusitasuna. Erabiltzaileak kalitatezko zerbitzu bat jasotzen duela somatu behar du, lehendabizi euskarazko hedabidera jotzeko. Honekin batera, Internet bidezko multimedia izaera ziurtatuta egon beharko litzateke, euskara euskarri guztietan egoteko helburuarekin.

Era berean, eta euskararen erabilera sustatzeko, ezinbestekoa da hedabideen interaktibotasuna. Horrela, hedabideak euskaraz egiteko gunea zabaltzen dio elebidunari, ezagutza erabilera bilakatzeko bidean. Zentzun honetan, hizkuntzak berak, hedabideen eskuetatik helduta, ezin du sare sozialen trena galdu. Sare sozialak dira eguneko bizitza informalaren isla, batez ere nerabeen artean. Hedabideak hemen egonda, euskara mundu akademikotik kanpo ere erabiltzea bultza daiteke. Eta horrela, agian, euskara bere egoeraren itsaso zabalean indartzea lortugo genuke.



2011/12/05

KULTURiZE: euskal agenda kulturala mugikorrean

Lehen, kultur ekitaldiak non ospatzen ziren jakiteko hainbat hedabidetako agenda ezberdinak begiratu behar genituen: batak lurralde bateko ekitaldiak baino ez zituen biltzen, besteak ez zituen guri gustatzen zaizkigunak erakusten... Eta askotan, ekitaldi interesgarri bat ospatu zela beranduegi konturatzen ginen.

Aurtengo Buberretan saritutako aplikazio bat hutsune hau betetzera dator: KULTURiZE. Android sistema eragilea daukaten mugikorrentzako zein iPhone-entzako sortutako agenda elektroniko honek Euskal Herriko ekitaldi kulturalak biltzen ditu telefono mugikorrean. Akting enpresako ingeniariek garatu dute.

Gertuko ekitaldiak gaika sailkatuta ikusteko aukera ematen du KULTURiZEk: musika, antzerkia, dantza, bertsolaritza, hitzaldiak... Erabiltzaileak egutegian eta mapan zehar nabiga dezake, bakoitzaren agenda pertsonalizatua sortzeraino. Gainera, ekitaldi bakoitza mapa batean kokatzen du aplikazioak. Horrela, zita jakin bezain laster Google Maps-era jo behar izatea sahiesten digute.

Momentuz, hiru dira KULTURiZE hornitzen dituzten agenda digitalak: Musika Zuzenean, Eke eta Kulturklik eta BarraBarra!. Ikuspegia Euskal Herri osokoa da, beraz. Intraktibotasuna sakontzeko asmoz, aplikazioak zuk zeuk antolatutako ekitaldiak sartzea ahalbidetzen du. Gertaera zabalduko duzu eta, gainera, gainontzeko erabiltzaileei agenda osatuko diezu.

Aplikazio hau, noski, doakoa da. Android-eko merkatutik edo Apple-ren App Store-tik deskarga daiteke. Ekitaldi batzuen kasutan, sarrerak erosteko forma ere ematen du, txarteldegira edo kutxazain automatikora hurbildu gabe.

Momentu honetan, esaterako, Twitter kontu ofizialean zabaldu dutenez, egunotan ospatzen ari den Durangoko Azokaren egutegi osoa jaso dezakezu, euskeraz, zure aplikazioan. Eskerrak eman beharko dizkiogu KULTURiZE superheroiari!