Mostrando entradas con la etiqueta multimedia komunikazioa. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta multimedia komunikazioa. Mostrar todas las entradas

2012/04/20

Erakunde batek Interneteko plazan kokatzeko gomendioak

Erakunde publikoek aspaldian egin zuten Interneterako saltoa. Hedabide berria hedatzen zen heinean, gero eta erakunde gehiago agertu ziren plaza multimedian. Baina panorama asko aldatu da azken urteetan. 1.0 paisaiatik 2.0 errealitatera igaro gara, eta badirudi aurrean dugula 3.0 etorkizuna. Web guneetan elkarreragina lehenengo aldiz agertu zenetik, erabiltzaileen zein erakundeen aukerak biderkatu dira.

Interneten egotea jadanik ez da erakundearen burua saltzeko eta erakusteko modu lineal hutsa. Interneteko plaza, han egotea beharrezkoa egiteaz gain, aukera bihurtu da erakundeentzat. Erabiltzailearengandik, hiritarrarengandik, inoiz baino hurbilago egon ahal dira erakundeak. Erabiltzaileak (bezeroaren kontzeptutik urrun) erakundeari buruzko informazio guztia eskura dezake klik bakar batean. Are gehiago, erakundearekin harremanetan jarri daiteke edota erakundearen profil elektronikoak ahalbidetzen dituen aukerez baliatu daiteke: adibidez, medikuarekin hitzordua eskatzeko, ikastaro batean matrikula egiteko edo udalean beharrezkoa den eskaera orria betetzeko.

Hiru dira erakundeek mundu elektronikoan bideratzen dituzten komunikazio-jarduerak: e-informazioa, e-kudeaketa eta e-lankidetza izenez ezagutzen direnak. E-informazioa erakundaren inguruko informazioa web gunean eskaintzea eta albisteak, deialdiak eta oharrak plazaratzea da. E-kudeaketak, bestalde, erakundearen barne antolaketa, informazioa eta kudeaketa prozesu guztiak ondo eraman ahal izateko behar den baliabideekin zerikusia du. E-lankidetzak, azkenik, beste erakunde edo sailekin lankidetza posible egiteko sareak sortzean datza.

Komunikazio-jarduera hauek Interneten aurkitzen dute lekurik aproposena, baina, horretarako, erakundeek modu egokian egon behar dute plaza digitalean. Erakunde bakoitzaren helburu eta ezaugarrien arabera antolatu beharko dira Interneterako egokitzapenak, erakunde guztien funtzioak eta helburuak ez baitira berdinak, ezta bakoitzaren inguruko baldintzak eta aldagaiak ere. Horrela, bada, zer izan behar du argi erakunde batek Interneten egon nahi badu? Zer pausu eman behar du erakundeak Sarean ondo kokatzeko?

Hasteko, erakundeak argi izan behar du bere burua non kokatzen eta non kokatu nahi duen. Aldez aurretik jakin behar du zein izango den bere lana, baita zer helburu lortu nahi dituen ere. Izan ere, erakundearen filosofia, egitura eta helburuen arabera, erreminta ezberdinak erabiliko dira.

Horrez gain, erakundearen kontzientzia teknologikoa edo digitala ezagutu behar da. Alegia, jakin behar da noraino diren gai hango langileak teknologia berriak erabiltzeko. Proiektu berriari ekin baino lehen, erakundeak Interneten daukan presentzia ere ezagutzea komeni da. Izan ere, garrantzitsua da erabiltzaile potentzialen gaitasunak ere ezagutzea.

Zentzu honetan, langileen ahalbideak eta mugak identifikatu beharko dira, bakoitza egokitzapen prozesuan zer lan beteko duen zehazteko: erreminta digitalen alorrean liderrak izango direnak, laguntzaileak, adituak, erabiltzaile aktiboak, okasionalak... Oso komenigarria da, halaber, jakitea zein den erabiltzaileen profila, horien artean ere egongo baitira (kopuru handiagoan edo txikiagoan) adituak, erabiltzaile aktiboak, okasionalak eta abar. Jakina, langileei irakasteko prozesu honek denbora beharko du, lan egiteko moduak aldatzea eskatzen du eta, baina guztien betebeharrak zehazten badira, nabarmen eraztuko da egokitzapen prozesua. Horretarako, komeni da esperientziak biltzea eta partekatzea eta plataforma batean denen eskura jartzea

Lantokiaz gain, lehen apiatu dugun bezala, erabiltzailearen profila ere zehaztu behar da: nolakoa da gure publikoa? Zer dakigu haren inguruan? Lortu nahi diren emaitzak eta informazioa partekatzeko eta komunikatzeko moduak hasieratik zehaztuta eta antolatuta eduki behar dira. Horrela, zuzenago helduko da lortu nahi den helburura. Komunikazio molde hauek aurrera ateratzeko, kode berriak daude Interneten. Horiek adostu beharko dira, zein kode eta erreminta erabiliko den erabaki, aurretik aipatutako guztiaren arabera.

Alegia, mundu digitalera salto egokia egitea ez da lan makala. Normalean, gainera, denbora, diru eta pertsona gutxiegi eskaintzen zaio. Ez dago aldez aurretik planifikatutako molde magikorik. Ikusi dugunez, estrategia egokiena planifikatzeko orduan gakoa erakundea bera da: helburua, langileak eta ingurua ondo ezagutzea. Aldagai horiek behar bezala baliatuta, erakundeak hiritarrek beharrezkoa duten informazioa modu zuzenean zabalduko dute, zerbitzuak modu errazean eskainiko dituzte, erabiltzaileekin harreman estuagoa eta erosoagoa izango dute eta, ondorioz, irudia hobetuko dute, barneko helburuak eta kanpoko eskakizunak asetuz.

2012/01/04

Interneteko erreportajeak, aukera kazetaritzarentzat

Kazetaritzak Interneterako jausia burutu zuenean, panorama berri batekin topatu zen. Erreportaje tradizionalak, era berean, betiko ezaugarriak eraman zituen Interneteko plazara, baina hango baldintzekin uztartu behar izan zituen. Moldaketa prozesu honetan kokatu behar ditugu gaur egun hedabide digitaletan aurkitzen ditugun erreportaje muldimediak.

Internetek erreportajegintzan sartu zituen ezaugarriak sareko edozein esparrutan aurkitzen ditugunak dira, hau da, hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibotasuna. Hauek, noski, erreportajea ekoiztu baino lehen hartu beharreko erabakietan eragin zuzena daukate. Gure erreportajeak ez du jadanik hasiera eta bukaera garbirik edukiko. Ez da testu idatzi soila izango, ezta bideo edo audio bakarra. Gure erreportajea ez-lineala, multimedia eta interaktiboa izango da.

Erreportajearen gaia aukeratzeko orduan, lehen zein orain, hedabide tradizionalean zein sarean, prozesua oso berberatsua izango da. Agian, esan daiteke sareko erreportajegintzan gaien inguruko aukera gehiago zabaltzen direla, batez ere interaktibotasunari esker. Helburu diskurtsiboa zehazterako orduan, gauza bera gertatuko zaio kazetariari. Betiko generoak sarera eraman dira. Hizkuntza erabaki hauek hartzerakoan zehaztu behar da, ez baita gauza bera gazteentzako, helduentzako, euskaldunentzako edo nazioarte mailako erreportaje bat egitea.

Erreportajegintza tradizionalean, produktuak modu klasikoan egituratuta daude: hasiera, garapena eta bukaera. Honek, noski, erabilitako hizkuntzan eta estiloan berebiziko eragina dauka. Sarean, aldiz, erreportajeek ez dute ordena hau jarraitzen. Hasiera bat badago, home deitzen dena. Nodo nagusia da hau, kazetariak edo egileak hasieratzat pentsatu duena, irakurlea, ikus-entzulea edo, hobeto esanda, erabiltzailearentzat prestatu duen abiapuntua. Erreportajegintza tradizionalean bezalaxe, sarean ere, hasierako nodoan, estilo linguistikoak sarrera kutsua hartuko du, edozein kasutan gaia erabiltzaileari aurkeztu beharko dio eta.

Hemendik aurrera, baina, erabiltzailea modu ez-linealean mugituko da erreportajean zehar (bai eta erreportajetik aldendu ere, geroago bueltatzeko). Kazetariak, menuen edo beste mekanismoen bitartez, bide bat proposatu diezaioke, baina erabiltzailea guztiz libre izango da. Beraz, jakin behar da kazetariak ekoiztutako nodoak independenteak izango direla, erreportajean guztiz integratuta ageri zein justaposizioan egon.

Kazetariak, jadanik, ezin du euskarri bakar batean pentsatu. Hemen sartzen da multimediatasuna jokoan: sareko erreportajean testu idatzia, audioak, bideoak, argazkiak, mapak edota infografiak aurkitu ditzakegu. Bakoitzari aldaera linguistiko ezberdinak dagozkio, kazetariaren diskurtsoa aberats dezaketenak. Adibidez, erreportajean protagonista den pertsonaia baten aipuak idatziz hartzen badira, modu zehatz batean transkribituta egongo dira, normalean irakurtzean ulertzeko modukoak. Kazetariak aipuak bideo bidez hartu baditu, aldiz, euskarri horretan dagoen moduan, aldaketarik gabe, erakutsi ahal izango ditu. Biak batera erabili daitezke.

Produktuaren diseinua erreportajearen ekoizpenaren pausurik garrantzitsuenetariko bat da, agian eredu tradizionalean baino inportanteagoa. Diseinuak hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibotasuna ondo uztartzen laguntzen du. Horregatik, ondo pentsatzeko eta lantzeko urratsa da.

Baina hiru ezaugarriak oso garrantzitsuak izanda ere, nire ustez, azkena da erreportajegintza erabat irauli dezakeena, daukan potentzialtasunagatik: interaktibotasuna, hain zuzen. Eredu tradizionalean, mezua bide batean ekoiztu izan da, eta oraindik sarean modu horretan zabaltzen ari da: norabide bakarrean, kazetaritik erabiltzailearengana. Baina web 2.0an, edukiak gero eta interaktiboak bihurtzen ari dira, baita erreportajeak ere. Sareak aukera ematen du edukiak bidaltzeko, iruzkinak idazteko, edukiak edo inkestetan bozkatzeko... Horiek guztiek erreportajearen edukiak aberasten dute, erabiltzaileen iritzia produktuan bertan kokatzen dutelako.

Hala ere, interaktibotasunaren hurrengo pausua ez da, momentuz, argi eta garbi ustiatu. Erabiltzaileek erreportajean aktiboki parte hartzea da interaktibitate osoa, erreportajea bera eraikitzen laguntzea. Gai batzuen kasuetan bereziki interesgarria litzateke interaktibotasun mota hau; esaterako, erabiltzaileen esperientzia zuzena erreportajearentzako baliagarria denean. Pausu hau aurrera eramatea Interneteko kazitaritzaren demokrazizazioaren adibidea izango litzateke, baina oraindik hedabide tradizionalen ereduetan mugitzen da sarea. Edozein kasutan, Internetek eskaintzen dituen aukerak, hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibotasuna ustiatzen diren heinean, erreportajegintzak berezkoa duen kazetaritza izaeran sakonduko du.



2011/12/22

Berrian ospatzekoak eta hobetzekoak

Denok ezagutzen dugu Berria, euskarazko egunkari nazional bakarra. Online bertsioa ere, Berria.info, oso erabilia da euskaldunen artean. Horregatik, Berria egunkariaren web gunearen analisi honetarako, batez ere bi gauzatan jarriko dugu arreta: euskararen normalizazioaren alde burututako alde positiboak, batetik, eta Berria.info web orrian hobetu ahal diren alderdiak, bestetik.

Hasteko, argitu behar da Berria izatea bera ezinbesteko urratsa dela euskararen normalizazioaren alde, euskarazko bakarra delako Euskal Herri mailan. Beraz, egunkariaren online bertsioa ere indartsua izan behar da. Euskaldunari beharrezkoak zaizkion eskakizunak betetzen saiatu behar da, bai eta euskara modu eraginkorrean zabaltzen ere.

Hedabideko alde positiboenen artean hizkuntzaren erabilera da. Sareko hedabide baten testuak zuzena, hipertestuala, multimedia, ulerterraza eta hitz gakoduna izan behar du. Berria estilo ulergarri eta erabilgarri bat sortzen saiatu da betidanik, eta hori euskeraren normalizazioaren aldeko pausu oso garrantzitsua da, euskera zuzena eta ulerterraza egiten dutelako. Gainera, honek laguntzen du gertuagoko edukiak plazaratzen eta jende gehiagorengana iristen. Euskera batua eta orokorrean formala erabiltzen den arren, badaude aldaerak, eta egunkariak erabiltzen duen hizkuntza moldea ez da beti berbera: adibidez, berriaTB-ko bideo batean norbait elkarrizketatzen dutenean, erregistroak ez du zertan formala edo idatziz erabiltzen denaren modukoa izan. Aldaera geografikoak ere sartzen dituzte (betiere batuaren barruan), izaera nazional hori indartuz.

Sareko hebadide batek erabilera ere bultzatu beharko luke. Berriak mugarria ireki zuen bide horretan: Berriketan.info. Euskarazko sare sozial honetan, kazetariak eta erabiltzaileak berriak eta iritziak parteka ditzakete. Zenbait emankizunetan zuzeneko kontakizuna egiteko ere erabiltzen dute. Hau euskal erabiltzaileentzako plaza da sarean, momentu batzuetan beste leku erdaldunetara jo behar izatea sahiesten duena.

Berria, gainera, Twitter eta Facebook-en ere badago. Sare sozialetan egoteak, hedabidearen presentzia hobetzeaz gain, hizkuntza ere kokatzen du.

Sareko hedabide batek multimedia izan beharko luke beti. Idatzizko ohiko egunkariak beste mediekin jolasten hasi dira, eta Berria ez da atzean geratu. BerriaTB, argazkiak eta infografiak (Hegoaldeko azken hauteskundeen inguruko infografia interaktibo interesgarri hau, esaterako) adibideak dira. Baina alderdi hauek hobetzeko prozesu iraunkorrean egon behar dute. BerriaTBren kasuan, esaterako, edukiek izan behar dute lehentasuna, kalitatezko bideoak ekoizteko helburuarekin. Edukiaren arabera interesa ere handituko da.

Multimediatasuna ez ezik, interaktibotasuna hobetu beharko luke Berriak. Adibide bat jartzearren: kasu gehienetan, ez dago artikuluetan iruzkinak idazteko aukerarik. Hau webgunearen edukien estrategiagatik gertatzen da: Berria.infok egunkariko eduki gutxi batzuk igotzen dituzte eta eguneko albisteekin osatzen dituzte. Albiste hauek hiperestekatu gabe geratzen dira, edukien kaltetan. Beraz, hipertestualitatea, berrien arteko loturak ezartzen duena, ez dago behar bezala landuta. Gehiago egin daiteke.

Oso lan garrantzitsua eta beharrezkoa egiten du Berriak euskararen eta informazioaren alde, baita sarean ere. Sareko ezaugariak (multimedia, interaktibitatea eta hipertestuak) idartuz, gainera, euskarak behar duen bidea leun dezake. Esan dezakegu euskararen erramintarik eraginkorrenen artean kokatzen dela hedabidea. Eta ezin dugu ahaztu, Berria hobetzea suposatzen duen edozein urrats euskararen normalizazioaren aldeko pausua izango dela.


2011/12/13

Euskarazko multimedia hedabideen eskaintza

Gaur egun, sarea da komunikatzeko modurik eraginkorrena eta etorkizun argiagoa duen hedabidea. Ez genuke nahi euskararik gabeko sarea, eta ezinezkoa dugu Internetik gabeko euskara ere irudikatu. Euskal hedabideek Interneten egon behar dute, halabeharrez. Ezin ukatu sarean bide ona egiten ari direla euskarazko hedabideak. Kalitatezko produktu asko dago. Gaur egun, erabiltzaile euskaldunak (zahar zein berri) badauka euskarazko eskaintza zabala jasotzeko aukera Internet bidez, eta hedabide-sare hau ezinbestekoa da euskararen erabilera sustatzeko.

Badakigunez, modu ezberdinetan egiten eta zabaltzen da hedabide bakoitza, xede-taldearen arabera (hedabidearen eskualdearen erabera eta irakurleen adinaren arabera) bai eta edukien arabera (informazio orokorra, zientziari buruzko artikuluak edo entretenimendua, kasu). Jorratu beharreko bidea eta espero beharreko emaitzak ezberdinak dira, eta ez dira zertan alderagarriak izan. Ezin dugu konparatu, adibidez, eitb.com gune orotariko, nazionala eta masiboa Ttipi-Ttapa lokala eta xumeagoarekin. Hala ere, garrantzitsua da, euskara normalizazio egoera batean sartzea nahi baldin bada, eskaintza zabala eta askotarikoa aurkitu ahal izatea.

Hiru dira hedabideek erreparatu beharreko aldagaiak Interneten: edukiak, multimediatasuna eta elkarreragina. Edukiek, helburua edozein dela, beti izan behar dute berebiziko garrantzia. Ardura nagusiena izan behar du, kalitaterik gabe nekez joko baitu irakurleak gure hedabideetara. Era berean, eduki hauek Internetek zabaldutako bide berrietan landu eta kudeatu jakin behar da. Gaur egun, beharrezkoa da gure eskaintza hainbat formatutan egotea, denak web gunearen plataforma bakarrean biltzen diren arren. Esan nahi baita, idatzizko testuak, bideoak, argazkiak eta soinuak elkartzen dituen multimedia formatuan ekoizten saiatu behar dira hedabideak. Multimediak informazioa eta hizkuntza bera osatzen du. Hedabide nagusienek ere (EITB edo Berria, adibidez) alde honetatik oraindik daukate hobetzekorik.

Edukiak zelan zabaltzen diren ere garrantzia hartzen du hedabidearen arrakastan: interaktibotasuna edo elkarreragina sartzen da jokoan. Web 2.0 izaera barneratuta edukitzea ezinbestekoa da hedabideen helburuak betetzeko. Elkarreraginari esker, erabiltzaileak edukiak zabaldu ez ezik, euskara bera presentzia indartuko du, bai web gunetik bertatik baita sare sozialen bidez ere.

Sarean topatzen dugun eskaintza ospatzekoa den arren, zuloak ere ikusten ditugu. Hizkuntzaren egoera soziolinguistiko bereziak (hiztunen banaketa geografiko aldakorra, elebidunen arteko ezberdintasunak, diglosia...) beharrezkoa egiten du euskal hedabideen lana ahalik eta zehatzena izatea. Euskarak eskaintza hoberena merezi eta behar du, ez baititu erronka errazak aurrean. Dauden (eta oraindik sortzeke dauden) hedabideek zulotxo horiek estaltzen dituzten heinean, euskara merezitako esparrua irabaziz joango da, euskararen erabilera sustatzeko ezinbestekoa.



2011/10/19

Periodismo Humano ziber-hedabidearen analisia

Honako sarreran Periodismo Humano ziber-hedabidearen analisia egingo dut. Interneteko kazeta nahiko berria da eta betiko hedabideen kontrapuntua dela esan genezake. Ziber-hedabidea izanik, ez dauka papaperezko bertsiorik. Helburua ez da eguneko albisteak ematea, baizik eta giza eskubideen inguruan sortu daitezkeen kontuez informatu. Beraz, gizakia du abiapuntu. Esan beharra dago, era berean, Periodismo Humano irabazi-asmorik gabeko hedabidea dela.

ONARPEN-MAILA ETA AUDIENTZIA

Alexa web guneetako bisitak neurtzen dituen web orria da. Neurketa hau Alexa Toolbar deritzonaren bidez egiten du. Beraz, toolbar hau instalatuta dutenen artean egiten du neurketa Alexak. Datu horien arabera, ranking ezberdinak osatzen ditu Kaliforniako enpresak. Mundu mailako ranking-ean, Periodismo Humano 87442. postuan kokatzen du Alexak. Espainiako mailan, 2396. web gunea da. Honek esan nahi ez dela web orri bisitatuenen ligan jokatzen, agian ziber-hedabide jaioberria delako eta ez daukalako paperezko ordezkaririk. Alexaren datuen arabera, Periodismo Humano bi piko ditu: bata, 2011ko maiatzean (15M mugimenduaren mobilizazioen jarraiketarekin bat etortzen) eta abuztu bukaeran. OJD Interactiva datu-basean, aldiz, ez da agertzen.

INFORMAZIORAKO SARBIDEA

Gaztelera hutsezko hedabide honen atal nagusiak honakoak dira: Sociedad, Economía, Migración, Mujer, En Conflicto, Culturas, Cooperación eta, bereziturik, Enfoques eta Multimedia. Atal bakoitzak gai ezberdin baten inguruko informazioa eskaintzen du, aski argi egituratuta. Adibidez, Mujer atalean emakumeak protagonista dituen albiste, erreportai eta kronikak agertuko dira. En Conflicton, aldiz, munduko gatazka txikiak aurkituko ditugu. Enfoques atalean, beste ukitu bateko iritzi artikuluak irakurri ahal ditugu. Multimedian, batez ere, bideo-erreportaiak eta mikrodokumentalak ikusi ditzakegu, testu eta audio batzuez lagunduta. Egituraketa, esan bezala, nahiko argia eta antolatua da. Atalak, nire ustez, nahikoak dira, denborarekin beste batzuk gehitu ahal diren arren. Multimedia atalak garrantzi handiagoa izan beharko luke, Periodismo Humanoko sarrera bakoitzan multimedia izaera hori oso bermatuta badago ere.

Periodismo Humanoko bilaketa sistemak hitzen araberako bilaketa baino ez du egiten uzten. Argi dago dataren aldagaia sartzea idea hona litzatekeela, nahi den gaiari buruzko artikuluak aurkituz gain, interesatzen zaigun datan ere topatzea ahalbidetuko lukeelako.

Ziber-hedabide honek ez du aurreko edizioen artxiborik, kazeten edo beste ziber-hedabide batzuen bezalako eguneko edizioak ez dituelako jarraitzen. Artikulu bakoitzak data bat daukan arren, esan genezake Periodismo Humanok ez dituela eguneroko edizioak argitaratzen, baizik eta era jarraituan egiten duela. Horrela bada, hemeroteka ez da beharrezkoa. Hala ere, honek ez du esan nahi dataren araberako bilaketak baliagarriak ez liratekeela.

Ez dago web gunearen mapa ikusteko aukerarik. Atalak gutxi dira, baina, dudarik gabe, lagungarria litzateke.

Azaleko informazioetan ez dago azken gaurkotzearen ordua ikusterik, ez eta artikuluetan ere. Bai testuetan baita azalean ere eguna baino ez dugu ikusten. Autorearen gaineko informazioa, aldiz, agerikoa da: dataren eta lekuaren artean agertzen da, azalean eta testu nagusian. Kazetariaren izenean klikatzean, beren gaineko fitxa batera eroango gaitu web guneak. Han autorearen biografia eta e-maila ikusgai izango dutu, eta, izatekotan, baita bere blogaren helbidea eta Twitter kontuari linka ere. Berak idatzitako artikuluak ikusgai daude hemen.

Publizitatearen garrantzia eta lekua txikia da, goian esan dugun moduan, irabazi-asmorik gabeko ziber-hedabidea delako. Web orriaren goiko partean banner korporatibo bat ageri zaigu (hedabideari buruzko eta bazkideak irabazteko iragarkia; bazkideak irabazteko beste iragarki bat ere badago web guneko eskuineko partean), baina banner hau ezkutatzeko aukera ematen zaigu klik bakar batean. Periodismo Humano elkarte eta instituzio batzuk laguntzen dute. Beherago, elkarte hauen irudiak eta linkak ikusi ditzakegu. Ez dira iragarkiak, baina publizitatearen funtzioak egiten dutela esan dezakegu.

Ziber-hedabide honek RSS zerbitzua ahalbidetzen du, hau da, Google Reader bezalako irakurgailu batean albisteak jasotzeko aukera ematen du. Bi zatitan bananduta daude RSS kanalak: Secciones (lehen aipatutako 8 atal eta azala) eta Enfoques (7 autoreren iritzi artikuluak, izenez bereiztuta, eta hiru kanal berezi: Amnistía Internacional, Bottup, Greenpeace eta Médicos Sin Fronteras elkarteenak). "Euren berritasun guztiak" e-mailera jasotzeko posibilitatea dago, newsletter baten bitartez. Ez du, ordea, iPad, iPhone, Smartphone edo BlackBerry-etarako zerbitzu berezirik eskaintzen. Beraz, ez dago bertsio mobilik, web gunea gailu horien bidez ikusi daitekeen arren. Era berean, ez dago erregistratzeko aukerarik, eduki guztia doanekoa eta denok ikustekoa baita. Baina, lehen esan bezala, badago bazkide egiteko aukera.

Lehen aipatu dugu autorearen profila ikusi ahal dela kazetariaren izenean klikatzean. Horrez gain, El Equipo saila ere badaukagu, web orriaren beheko partean. Hemen kazetari, kolaboratzaile, iritzi emale eta gizarte zibila deritzona osatzen duten guztiak ageri dira, biografia eta guzti. Izenean klikatzean bakoitzaren blogera edo artikuluen artxibora eroango gaitu. Gainera, berriemaileak eta kolaboratzaileak bideo batek aurkezten ditu. Ziber-hedabide hau ez da ezein komunikazio taldearena, beraz, ez dago hori buruzko informaziorik. Ageri zaigu, ordea, hedabideari berari buruzko azalpena, Qué es periodismohumano.com atalean.

EDUKI INFORMATIBOA

Periodismo Humanon ez dago azken orduko albisteen atalik, orokorrean, azken orduko albisteak ez daudelako. Agian, momentu batean sortu daitezke, baina esan dezakegu albiste eta erreportai sakonak jorratzen dituela Periodismo Humanok.

Urriaren 26ko albisterik nabarmenduarena, dudarik gabe, honako titularra duena da: La fábula del jugador de fútbol y otros cuentos de terror de Bahréin. En portada zintapean sailkatuta dago, eguneko albiste garrantzitsuenari ematen zaion maila, hain zuzen. Lehen mailan, autorearen fitxara eta iruzkinetara garoazen estekak baino ez daude. En conflicto sailaren barruan kokatzen den albiste honen testuan, bigarren mailan, 13 esteka daude, denak txertatuak. Horietako 3 baino ez dira barruko loturak. Beste guztiak kanpokoak dira, eta honako webetara eramaten gaituzte: angry arabiya-ren Twitter profila, ElMundo.es, change.org, BCRH (2 lotura: hau eta beste hau), Amnesty International, HRW, The Arabic Network For Human Rights Information, Bahrain Youth Society For Human Rights eta alakhbar english. Ikusten denez, GKEak, giza eskubideen inguruko informazio orriak, sinadurak jasotzeko orriak, beste hedabideak edo sare sozialak dira lotutako web guneak. Barruko hiru loturek eta kanpoko gehienek informazioan sakontzeko helburua dute, bai eta iturriak aipatzeko (Twitter-ekoa, adibidez). Helburu interaktiboa aurki dezakegu change.org-n, eskakizun bat sinatzeko lotura delako.

Har dezagun garrantzian hurrengo artikulua. Titularra hauxe da: "Los cristianos de Siria somos uno con nuestros hermanos musulmanes". Emakume siriar anonimo baten hitzak dira. Ez da albistea; elkarrizketa da. Gainera, blog batean argitaratutako artikulua da (Alianzas blogean, hain zuzen). Ikusten dugunez, blogetako sarrerak azalean lekua dute. Elkarrizketa denez, loturak ohi baino gutxiago dira: 3 bakarrik, denak testuan txertatuak. Lehenengoa kanpoko lotura da, iturriak aipatzeko erabiltzen dena. Bigarrena barruko lotura da: Periodismo Humanoko azalera garoaz, ziber-hedabidearen izena aipatzen denean. Hirugarrenak, kanpoko lotura ere bai, informazioan sakontzeko helburua dauka.

Ez dago erreportaiei eskeinitako atalik. Baina, hala ere, azalean baliokide batzuk aurkitzen ditugu: En el camino (Hego Amerikako inmigrazioari buruz) eta Desentrañando Colombia (Kolonbiako gerrillaren inguruan). Batean zein bestean, bideoak ikusteko eta testua irakurtzeko aukera daukagu, microwebgune baten itxurarekin.

Lehen esan dugunez, Multimedia deituriko atala dauka ziber-hedabideak. Bideoak eskaintzen ditu, testuez lagunduta. Beraz, hipermedia produktuak eskaintzen dituela esan dezakegu, multimedia baino, media guztiek ez daudelako integratuta.

INTERAKTIBOTASUNA ETA PARTE-HARTZEA SUSTATZEKO ERRAMINTAK

Periodismo Humanok zenbait blog eskaintzen ditu, esaterako: El minotauro anda suelto, Toma la palabra edo Alianzas. Bakoitzak autore bati dagokio eta Enfoques sailaren barruan aurkitzen dira. Mota honetakoak 12 dira guztira. Baina, hemen ere beste bi motako blogak topatu ditzakegu: Sociedad civil (Amnistía Internacional, Greenpeace, Bottup eta Médicos Sin Fronteras elkarteen blogak) eta De referencia (zenbait autoreren kanpoko blogak, Guerra eterna, Quilombo eta Enrique Meneses kasu). Beraz, ziber-hedabidearen beraren autoreak irakurriz gain, euren aukeraketa ere eskura daukagu Periodismo Humanoren blogen atalan. Azkenik, P+DH daukagu, erredakzioaren bloga, hedabideari berari buruzkoak argitaratzeko. Ez dago, baina, erabiltzaileek blog bat sortzeko aukerarik.

Web 2.0 erremintei dagokionez, Periodismo Humanok sarrerak honako sareen bidez zabaltzea eskaintzen du: Facebook, Meneame, Digg, Twitter eta Bitacoras. Horretaz aparte, ziber-hedabideak Facebooken orrialdea eta Twitter-en profila sortuta dauzka. Lehen aipatu dugun bezala, erabiltzaileak sarrera guztiak RSS bidez ere jarraitu ahal ditu.

Ziber-hedabidearen izaerari jarraiki, irakurlearekiko interaktibotasuna bultzatzen da. Horrela, erabiltzaileek iruzkinak plazaratu ditzakete. Ez da erregistrorik behar iruzkinak idazteko, baina iraingarriak ezabatuko direla ohartarazten da. Ez dago albisteak bozkatzeko aukerarik ezta, ondorioz, albisteen sailkapenik ere. Web orriak ez du eskaintzen helbide elektronikoz sarrerak bidaltzeko aukerarik. Ez dago, era berean, inprimatzeko aplikazio berariazkorik edo baimen espezifikorik, edozein albiste inprima daitekeen arren, noski.

Autorearekin harremanetan jartzea errazten du Periodismo Humanok, bakoitzaren helbide elektronikoa izenan klikatzean lortu daitekeelako.

Foro edo txatei dagokienez, ziber-hedabide honek ez ditu zerbitzu hori eskaintzen. Inkesta digitalik ere ez ditu antolatzen. Esan dugunez, ez dago albiste irakurrien edo bozkatuen zerrendarik.

ZIBER-HEDABIDEA HOBETZEKO PROPOSAMENAK

Nire ustez, Periodismo Humanok erabiltzailearekiko interaktibotasuna nahiko bultzatzen du. Batez ere Facebook eta Twitter sare sozialetan, ez dutelako promozio hutsarako erabiltzen, baizik eta harreman hori benetan estutzeko. Aktiboak dira, gainera. Erabiltzaileak informazioa jasotzeko eta hedabideak zabaltzeko bide oso eraginkorrak dira sare sozialak.

Web gunearen diseinua erreza eta erakargarria da. Hala ere, edukia da ziber-hedabide honen gakoa. Edukia lantzen du gehien Periodismo Humanok eta, alde horretatik, bikain egiten du. Gainera, eduki hau hipertestualitatearen bidez jorratzen du. Hipermediatasuna ere aski landuda dago ziber-hedabide honetan, kronika honetan argi ikusten denez.

Hala eta guztiz ere, aldatzeko gauzak ere badaude. Esaterako, sarrerak dataren arabera ikusteko aukera, begi kolpe batean data ikustea aproposa delako zenbait bilaketetan. Ziber-hedabideak eguneroko edizioa ez duen arren, hemeroteka bezalako atala egingarria iruditzen zait. Periodismo Humanok ez daukan hainbat gauza, aldiz, ez zaizkit oso erabilgarriak iruditzen kasu honetarako, hala nola, txatak, foroa edo albisteak bozkatzeko aukera.

Edukia hobetzeko bidean, hau baita kazeta digital honen indargunea, multimediatasunari garrantzi handiagoa emango nioke, eduki benetan multimediak sortuz. Multimedia atala interesgarria da oso, hedabide honek dokumental batzuk ere egin dituelako, baina jorratzen dituzten gaiei buruzko infografia edo erreportaje guztiz muldimediak oso baliagarriak izan daitezke.



2011/10/03

Aurkezpentxoa

Zabaldu berri dudan blog hau Multimedia Komunikazioa masterraren barruan erabiltzeko izango da. Printzipioz, klaseko lanak hementxe argitaratzeko erabiliko dut. Denborarekin blog honen izaera aldatuz joan daiteke, batek daki.

Ondo etorri.