2012/02/03

Giro Bira: txirrindularitza transmedia

Aste honetan, txirrindularitzaren inguruko proiektu transmedia aurkeztu dut, Iskandar Hamawy eta Idoia Gatonekin batera, EITBko egoitzan. Edorta Aranak zuzendutako Multimedia produktuen programazioa eta ebaluazioa irakasgaiaren barruan kokaturiko ekitaldia izan zen. Aurkezpenean, Joselu Blanco, Rebeka Garai eta Iñako Gurrutxaga ere bazeuden. Gure proposamenarekin batera, klasekideen hainbat aurkezpen interesgarri egin ziren: Aupa Pipol eta Scripters transmedia fikzioak, Atlas bidaien inguruko proiektua, Lihoa iruten modaren inguruko saioa eta Goenkale transmediatzeko proposamena.

Gure proiektuaren izena Giro Bira da. Euskal Herrian dagoen txirrindularitza afizioa ikusita (Flandesen ostean, afiziorik hoberena garela diote), hedabideen aldetik arreta gehiago merezi duen kirola dela uste dugu. Are gehiago, merkataritza etekinen ikuspuntutik, Euskal Herrikoa edozein hedabidek baliatu dezakeen audientzia potentziala da.

Edozein lasterketetan ikusten ditugun ikurriñei eta gure errepideak betetzen dituen jendetzari bide emateko, bi hankadun Giro Bira aurkeztu diogu EITBri. Batetik, Giro Bira telebista saio bat da; bestetik, Giro Bira web gune bat da. Asteroko saioa zein Interneteko web gunea euskal txirrindularitza munduaren bilgunea izatea nahiko genuke.

Saioak informazioa eta entretenimendua izango luke ardatz, mahainguru zabal batean islatuta. Giro Biraren beste hanka kolaboratzaileak lirateke: edozein kazetarik, txirrindularik zein blogarik saioko mahainguruan zein web guneko blogetan parte hartzeko aukera izango luke. Era berean, sare sozialetara guztiz uztartuta egongo litzatekeen proiektua da Giro Bira, saioa ikus-entzuleekin eta web gunea erabiltzaileekin kontantuan egoteko modu hoberena baita.

Hemen daukazue proposamen egunean erabilitako aurkezpena:



Gu pozik atera ginen aurkezpenetik, guk egindako lanagatik baita arduradunen erantzunagatik ere. Ez dakigu Giro Birak egingo duen bidea, ezta irteera neutralizatutik kilometrorik mugituko den ere, baina argi geratu da EITBk bidea ireki behar liokeela txirrindularitzari, asmo handiko proiektu honen ideiak erabilita edota beste modu ezberdinak aukeratuta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario