2012/01/04

Interneteko erreportajeak, aukera kazetaritzarentzat

Kazetaritzak Interneterako jausia burutu zuenean, panorama berri batekin topatu zen. Erreportaje tradizionalak, era berean, betiko ezaugarriak eraman zituen Interneteko plazara, baina hango baldintzekin uztartu behar izan zituen. Moldaketa prozesu honetan kokatu behar ditugu gaur egun hedabide digitaletan aurkitzen ditugun erreportaje muldimediak.

Internetek erreportajegintzan sartu zituen ezaugarriak sareko edozein esparrutan aurkitzen ditugunak dira, hau da, hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibotasuna. Hauek, noski, erreportajea ekoiztu baino lehen hartu beharreko erabakietan eragin zuzena daukate. Gure erreportajeak ez du jadanik hasiera eta bukaera garbirik edukiko. Ez da testu idatzi soila izango, ezta bideo edo audio bakarra. Gure erreportajea ez-lineala, multimedia eta interaktiboa izango da.

Erreportajearen gaia aukeratzeko orduan, lehen zein orain, hedabide tradizionalean zein sarean, prozesua oso berberatsua izango da. Agian, esan daiteke sareko erreportajegintzan gaien inguruko aukera gehiago zabaltzen direla, batez ere interaktibotasunari esker. Helburu diskurtsiboa zehazterako orduan, gauza bera gertatuko zaio kazetariari. Betiko generoak sarera eraman dira. Hizkuntza erabaki hauek hartzerakoan zehaztu behar da, ez baita gauza bera gazteentzako, helduentzako, euskaldunentzako edo nazioarte mailako erreportaje bat egitea.

Erreportajegintza tradizionalean, produktuak modu klasikoan egituratuta daude: hasiera, garapena eta bukaera. Honek, noski, erabilitako hizkuntzan eta estiloan berebiziko eragina dauka. Sarean, aldiz, erreportajeek ez dute ordena hau jarraitzen. Hasiera bat badago, home deitzen dena. Nodo nagusia da hau, kazetariak edo egileak hasieratzat pentsatu duena, irakurlea, ikus-entzulea edo, hobeto esanda, erabiltzailearentzat prestatu duen abiapuntua. Erreportajegintza tradizionalean bezalaxe, sarean ere, hasierako nodoan, estilo linguistikoak sarrera kutsua hartuko du, edozein kasutan gaia erabiltzaileari aurkeztu beharko dio eta.

Hemendik aurrera, baina, erabiltzailea modu ez-linealean mugituko da erreportajean zehar (bai eta erreportajetik aldendu ere, geroago bueltatzeko). Kazetariak, menuen edo beste mekanismoen bitartez, bide bat proposatu diezaioke, baina erabiltzailea guztiz libre izango da. Beraz, jakin behar da kazetariak ekoiztutako nodoak independenteak izango direla, erreportajean guztiz integratuta ageri zein justaposizioan egon.

Kazetariak, jadanik, ezin du euskarri bakar batean pentsatu. Hemen sartzen da multimediatasuna jokoan: sareko erreportajean testu idatzia, audioak, bideoak, argazkiak, mapak edota infografiak aurkitu ditzakegu. Bakoitzari aldaera linguistiko ezberdinak dagozkio, kazetariaren diskurtsoa aberats dezaketenak. Adibidez, erreportajean protagonista den pertsonaia baten aipuak idatziz hartzen badira, modu zehatz batean transkribituta egongo dira, normalean irakurtzean ulertzeko modukoak. Kazetariak aipuak bideo bidez hartu baditu, aldiz, euskarri horretan dagoen moduan, aldaketarik gabe, erakutsi ahal izango ditu. Biak batera erabili daitezke.

Produktuaren diseinua erreportajearen ekoizpenaren pausurik garrantzitsuenetariko bat da, agian eredu tradizionalean baino inportanteagoa. Diseinuak hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibotasuna ondo uztartzen laguntzen du. Horregatik, ondo pentsatzeko eta lantzeko urratsa da.

Baina hiru ezaugarriak oso garrantzitsuak izanda ere, nire ustez, azkena da erreportajegintza erabat irauli dezakeena, daukan potentzialtasunagatik: interaktibotasuna, hain zuzen. Eredu tradizionalean, mezua bide batean ekoiztu izan da, eta oraindik sarean modu horretan zabaltzen ari da: norabide bakarrean, kazetaritik erabiltzailearengana. Baina web 2.0an, edukiak gero eta interaktiboak bihurtzen ari dira, baita erreportajeak ere. Sareak aukera ematen du edukiak bidaltzeko, iruzkinak idazteko, edukiak edo inkestetan bozkatzeko... Horiek guztiek erreportajearen edukiak aberasten dute, erabiltzaileen iritzia produktuan bertan kokatzen dutelako.

Hala ere, interaktibotasunaren hurrengo pausua ez da, momentuz, argi eta garbi ustiatu. Erabiltzaileek erreportajean aktiboki parte hartzea da interaktibitate osoa, erreportajea bera eraikitzen laguntzea. Gai batzuen kasuetan bereziki interesgarria litzateke interaktibotasun mota hau; esaterako, erabiltzaileen esperientzia zuzena erreportajearentzako baliagarria denean. Pausu hau aurrera eramatea Interneteko kazitaritzaren demokrazizazioaren adibidea izango litzateke, baina oraindik hedabide tradizionalen ereduetan mugitzen da sarea. Edozein kasutan, Internetek eskaintzen dituen aukerak, hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibotasuna ustiatzen diren heinean, erreportajegintzak berezkoa duen kazetaritza izaeran sakonduko du.



No hay comentarios:

Publicar un comentario