2012/04/20

Erakunde batek Interneteko plazan kokatzeko gomendioak

Erakunde publikoek aspaldian egin zuten Interneterako saltoa. Hedabide berria hedatzen zen heinean, gero eta erakunde gehiago agertu ziren plaza multimedian. Baina panorama asko aldatu da azken urteetan. 1.0 paisaiatik 2.0 errealitatera igaro gara, eta badirudi aurrean dugula 3.0 etorkizuna. Web guneetan elkarreragina lehenengo aldiz agertu zenetik, erabiltzaileen zein erakundeen aukerak biderkatu dira.

Interneten egotea jadanik ez da erakundearen burua saltzeko eta erakusteko modu lineal hutsa. Interneteko plaza, han egotea beharrezkoa egiteaz gain, aukera bihurtu da erakundeentzat. Erabiltzailearengandik, hiritarrarengandik, inoiz baino hurbilago egon ahal dira erakundeak. Erabiltzaileak (bezeroaren kontzeptutik urrun) erakundeari buruzko informazio guztia eskura dezake klik bakar batean. Are gehiago, erakundearekin harremanetan jarri daiteke edota erakundearen profil elektronikoak ahalbidetzen dituen aukerez baliatu daiteke: adibidez, medikuarekin hitzordua eskatzeko, ikastaro batean matrikula egiteko edo udalean beharrezkoa den eskaera orria betetzeko.

Hiru dira erakundeek mundu elektronikoan bideratzen dituzten komunikazio-jarduerak: e-informazioa, e-kudeaketa eta e-lankidetza izenez ezagutzen direnak. E-informazioa erakundaren inguruko informazioa web gunean eskaintzea eta albisteak, deialdiak eta oharrak plazaratzea da. E-kudeaketak, bestalde, erakundearen barne antolaketa, informazioa eta kudeaketa prozesu guztiak ondo eraman ahal izateko behar den baliabideekin zerikusia du. E-lankidetzak, azkenik, beste erakunde edo sailekin lankidetza posible egiteko sareak sortzean datza.

Komunikazio-jarduera hauek Interneten aurkitzen dute lekurik aproposena, baina, horretarako, erakundeek modu egokian egon behar dute plaza digitalean. Erakunde bakoitzaren helburu eta ezaugarrien arabera antolatu beharko dira Interneterako egokitzapenak, erakunde guztien funtzioak eta helburuak ez baitira berdinak, ezta bakoitzaren inguruko baldintzak eta aldagaiak ere. Horrela, bada, zer izan behar du argi erakunde batek Interneten egon nahi badu? Zer pausu eman behar du erakundeak Sarean ondo kokatzeko?

Hasteko, erakundeak argi izan behar du bere burua non kokatzen eta non kokatu nahi duen. Aldez aurretik jakin behar du zein izango den bere lana, baita zer helburu lortu nahi dituen ere. Izan ere, erakundearen filosofia, egitura eta helburuen arabera, erreminta ezberdinak erabiliko dira.

Horrez gain, erakundearen kontzientzia teknologikoa edo digitala ezagutu behar da. Alegia, jakin behar da noraino diren gai hango langileak teknologia berriak erabiltzeko. Proiektu berriari ekin baino lehen, erakundeak Interneten daukan presentzia ere ezagutzea komeni da. Izan ere, garrantzitsua da erabiltzaile potentzialen gaitasunak ere ezagutzea.

Zentzu honetan, langileen ahalbideak eta mugak identifikatu beharko dira, bakoitza egokitzapen prozesuan zer lan beteko duen zehazteko: erreminta digitalen alorrean liderrak izango direnak, laguntzaileak, adituak, erabiltzaile aktiboak, okasionalak... Oso komenigarria da, halaber, jakitea zein den erabiltzaileen profila, horien artean ere egongo baitira (kopuru handiagoan edo txikiagoan) adituak, erabiltzaile aktiboak, okasionalak eta abar. Jakina, langileei irakasteko prozesu honek denbora beharko du, lan egiteko moduak aldatzea eskatzen du eta, baina guztien betebeharrak zehazten badira, nabarmen eraztuko da egokitzapen prozesua. Horretarako, komeni da esperientziak biltzea eta partekatzea eta plataforma batean denen eskura jartzea

Lantokiaz gain, lehen apiatu dugun bezala, erabiltzailearen profila ere zehaztu behar da: nolakoa da gure publikoa? Zer dakigu haren inguruan? Lortu nahi diren emaitzak eta informazioa partekatzeko eta komunikatzeko moduak hasieratik zehaztuta eta antolatuta eduki behar dira. Horrela, zuzenago helduko da lortu nahi den helburura. Komunikazio molde hauek aurrera ateratzeko, kode berriak daude Interneten. Horiek adostu beharko dira, zein kode eta erreminta erabiliko den erabaki, aurretik aipatutako guztiaren arabera.

Alegia, mundu digitalera salto egokia egitea ez da lan makala. Normalean, gainera, denbora, diru eta pertsona gutxiegi eskaintzen zaio. Ez dago aldez aurretik planifikatutako molde magikorik. Ikusi dugunez, estrategia egokiena planifikatzeko orduan gakoa erakundea bera da: helburua, langileak eta ingurua ondo ezagutzea. Aldagai horiek behar bezala baliatuta, erakundeak hiritarrek beharrezkoa duten informazioa modu zuzenean zabalduko dute, zerbitzuak modu errazean eskainiko dituzte, erabiltzaileekin harreman estuagoa eta erosoagoa izango dute eta, ondorioz, irudia hobetuko dute, barneko helburuak eta kanpoko eskakizunak asetuz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario