2011/12/13

Euskarazko multimedia hedabideen eskaintza

Gaur egun, sarea da komunikatzeko modurik eraginkorrena eta etorkizun argiagoa duen hedabidea. Ez genuke nahi euskararik gabeko sarea, eta ezinezkoa dugu Internetik gabeko euskara ere irudikatu. Euskal hedabideek Interneten egon behar dute, halabeharrez. Ezin ukatu sarean bide ona egiten ari direla euskarazko hedabideak. Kalitatezko produktu asko dago. Gaur egun, erabiltzaile euskaldunak (zahar zein berri) badauka euskarazko eskaintza zabala jasotzeko aukera Internet bidez, eta hedabide-sare hau ezinbestekoa da euskararen erabilera sustatzeko.

Badakigunez, modu ezberdinetan egiten eta zabaltzen da hedabide bakoitza, xede-taldearen arabera (hedabidearen eskualdearen erabera eta irakurleen adinaren arabera) bai eta edukien arabera (informazio orokorra, zientziari buruzko artikuluak edo entretenimendua, kasu). Jorratu beharreko bidea eta espero beharreko emaitzak ezberdinak dira, eta ez dira zertan alderagarriak izan. Ezin dugu konparatu, adibidez, eitb.com gune orotariko, nazionala eta masiboa Ttipi-Ttapa lokala eta xumeagoarekin. Hala ere, garrantzitsua da, euskara normalizazio egoera batean sartzea nahi baldin bada, eskaintza zabala eta askotarikoa aurkitu ahal izatea.

Hiru dira hedabideek erreparatu beharreko aldagaiak Interneten: edukiak, multimediatasuna eta elkarreragina. Edukiek, helburua edozein dela, beti izan behar dute berebiziko garrantzia. Ardura nagusiena izan behar du, kalitaterik gabe nekez joko baitu irakurleak gure hedabideetara. Era berean, eduki hauek Internetek zabaldutako bide berrietan landu eta kudeatu jakin behar da. Gaur egun, beharrezkoa da gure eskaintza hainbat formatutan egotea, denak web gunearen plataforma bakarrean biltzen diren arren. Esan nahi baita, idatzizko testuak, bideoak, argazkiak eta soinuak elkartzen dituen multimedia formatuan ekoizten saiatu behar dira hedabideak. Multimediak informazioa eta hizkuntza bera osatzen du. Hedabide nagusienek ere (EITB edo Berria, adibidez) alde honetatik oraindik daukate hobetzekorik.

Edukiak zelan zabaltzen diren ere garrantzia hartzen du hedabidearen arrakastan: interaktibotasuna edo elkarreragina sartzen da jokoan. Web 2.0 izaera barneratuta edukitzea ezinbestekoa da hedabideen helburuak betetzeko. Elkarreraginari esker, erabiltzaileak edukiak zabaldu ez ezik, euskara bera presentzia indartuko du, bai web gunetik bertatik baita sare sozialen bidez ere.

Sarean topatzen dugun eskaintza ospatzekoa den arren, zuloak ere ikusten ditugu. Hizkuntzaren egoera soziolinguistiko bereziak (hiztunen banaketa geografiko aldakorra, elebidunen arteko ezberdintasunak, diglosia...) beharrezkoa egiten du euskal hedabideen lana ahalik eta zehatzena izatea. Euskarak eskaintza hoberena merezi eta behar du, ez baititu erronka errazak aurrean. Dauden (eta oraindik sortzeke dauden) hedabideek zulotxo horiek estaltzen dituzten heinean, euskara merezitako esparrua irabaziz joango da, euskararen erabilera sustatzeko ezinbestekoa.



No hay comentarios:

Publicar un comentario